Amiantoarekin lan egiteagatik kalte ordainak eskatu ditu langile ohi batek
Patricio Echeverria enpresako ondorengoak diren GKN eta CIEri 366.429 euro eskatu dizkie, lantegi horretan amiantoaren eraginpean lan egiteagatik biriketako adenokartzinoma duelako. Asteazkenean da epaiketa Eibarren, eta elkarretaratzea deitu du Asviamie elkarteak.
Patrizio Echeverria lantegiko altzairutegian lan egindako X.B.Z. pentsiodunak 366.429 euroko kalte ordaina eskatu die enpresa haren ondorengo diren Sidenor Altzairu Bereziak eta CIE Legazpi enpresei, amiantoaren eraginpean lan egitearen ondorioz duen biriketako adenokartzinomagatik. Asteazkenean erabakiko du eskaria Eibarko Gizarte Gaietako epaitegiak, 09:15ean egingo duen epaiketan. Ordu horretarako epaitegi aurrean elkarretaratze deialdia egin du amiantoren biktimen alde lan egiten duen Asviamie elkarteak. XBZ-ri elkartasuna adieraziko diote horrela, eta gaixoen aldeko konpentsazio funtsa bat sortu dezan, eta lan arloan sustantzia kantzerigenoen aurrean segurtasun neurri gogorrak ezarri ditzan eskatuko diote Ministerioari.
XBZ jubilatuta dago gaur egun. 1966an eta 1967an Legazpi Eskoletan lan egin zuen, eta 1970eko ekainetik mantentze hidraulikoko lanak egin zituen Patricio Echeverria lantegiko altzairutegian. Gerora, 1991tik eta 2010ean jubilatu zen arten, GKN Driveline Legazpin lan egin zuen. 2019an biriketako adenokartzinoma diagnostikatu zioten, eta Gizarte Segurantzaren aurrean erreklamazioa aurkeztu eta gero, laneko gaixotasunak eragindako ezintasun absolutua aitortu zioten 2023ko otsailaren 28an, eta pentsioa hobetu zioten.
Osalan erakundeak azaldu duenez, langile ohia amiantoren eraginpean egon zen Patricio Echeverrian lan egin zuen epean, Enpresak ez zuen garai hartako legeak agindutako segurtasun neurririk hartu, eta arrazoi berberagatik mesoteliomak zituzten beste bi langileri pentsioetan gehikuntzak ordaintzeko zigorra jaso zuen. Gainera, beste bi langilek ere kalte ordainak eskatu dituzte Patricio Echeverrian arnastutako amiantoak eragindako gaixotasunengatik.