Eguberrietarako menua: Kuko jatetxearen errezetak
Lehen platera, bigarrena eta postrea. Hona hemen Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iñaki Telleriak Eguberrietarako proposatu duen menua.
KARDUA ALMENDREKIN ETA ZEZINAREKIN
Osagaiak (4 lagunentzat)
- 400 gr. kardu
- 50 gr. almendra
- 8 zezina xerra (fin moztuta)
- 200 gr. esne
- 200 gr. ur
- 20 gr. baratxuri
- Gatza
- Olioa
- Piper beltza
Prestaketa
Lehenik kardua ondo garbitu. Azal asko, beldurrik gabe, kendu behar zaio, jateko fina geratu dadin. Bakoitzak bere gustura moztu dezake kardua, Kuko jatetxeko Iñaki Telleriak makilatxoetan mozten du. Puska lodiak ez direnez 10 minutuz egostea nahikoa da.
40 gr almendra ondo txikitu, beste 10 gr. platera apaintzeko gorde. Txikituriko baratxuri eta almendra zartagin batean olioarekin gorritu. Esnea, ura, gatza eta piper betza gehitu. 5-6 minutuz egosten eduki eta birrindu. Birrindu ondoren kardua gehitu eta beste 5-6 minutuz egosi.
Aurkezpena
Azpialdean kardua jarri, gainetik puskatutako edo xerratutako almendrak gehitu eta gainean zezina xerrak jarri.
LEGATZA TXIPIROIEKIN ETA AZALORE KREMAREKIN
Osagaiak (4 lagunentzat)
- Legatz isatsa hezurrik gabe
- 4 txipiroi ertain (120-140 gramokoak)
- Azalore bat
- 50 gr. gurin
- Tipulin bat
Prestaketa
Txikitutako tipulina eta azalorea gurinetan egin, tipulina bigundu arte. Ura bota estali arte eta 20 bat minutuz egosi, azalorea bigundu arte. Ondoren birrindu, iragazi eta gatz puntua eman.
Legatza plantxan egin bi aldeetatik (nahiago bada labean ere egin daiteke).
Aurretik garbitutako txipiroiak ere plantxan egin.
Aurkezpena
Beheko aldean azalore krema jarri, gainean legatz xerrak eta gainean txipiroi bana.
GAZTA URDIN TARTA ETA TURROIZKO IZOZKIA
Osagaiak (4 lagunentzat)
- 4 arrautza
- 80 gr. gazta urdin (Mutiloako Telleriarena)
- 250 gr. esne
- 100 gr. baserriko esne gaina
- 100 gr. azukre
- 200 gr. turroizko izozki
Prestaketa
Osagai guztiak (izozkia izan ezik) irabiagailuarekin birrindu. Molde txikiak edo aro indibidualak labeko paperarekin estali eta birrindu dugun orearekin bete.
Labean sartu 180ºtan 10 bat minutuz.
Aurkezpena
Epeltzen direnean moldetik atera, labeko papera pixka bat ireki eta gainean turroizko izozki bolatxo bana jarri*.
*Gabon garaia denez turroizko izozkia erabili du Iñaki Telleriak, baina norberak bere gustukoa erabili dezake.