Eguberrietako kontzertu solidarioa egingo du Emotio Taldeak igandean
Urteroko hitzordua izango dute Ordiziako elizan. Sarrera doakoa da, baina borondatez dirua eman dezakete herritarrek, eta jasotako guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.
Emotio Taldeak Eguberrietako kontzertua emango du igandean Ordiziako parrokian, 18:00etan. Berrogeita bost minutu inguruko emanaldia izango da. Gabon kantak beste abesti polifoniko batzuekin uztartuko dituzte. Euskal Herriko doinuak zein atzerriko doinuak entzuteko aukera izango dute herritarrek. Tronpak, pianoa, perkusioa eta ahotsak izango dira.
Debora Herrero Emotio Taldeko zuzendariak azaldu duenez, «abesti kutunak, samurrak» interpretatuko dituzte, «jendearen memoria kolektiboan dauden horiek». Bi zatitan banatuko dute emanaldia. Lehenengo zatian, errepertorioa normalizatuagoa izango da, eta bigarren zatian, gabon kantei egingo diete tartea. Besteak beste, Adeste Fideles, Ator Ator, Oi Betlehem edota Ave Lesus kantak eskainiko dituzte. Musikagileei dagokienez, Xabier Sarasola, Norberto Almandoz, Enio Morricone edota Amanda McBroom-en piezak interpretatuko dituzte.
Kontzertu solidarioa
Imanol Cenador eta Iker Cenador tronpa jotzaileek, Marian Hermosilla piano jotzaileak eta Jesus Maria Andres eta Elene Andres perkusionistek osatuko dute interpretazioa, Emotioko kantari eta zuzendariarekin batera.
Urteroko hitzordua izango dute Ordiziako elizan. Ohi bezala, kontzertu solidarioa izango da. Sarrera doakoa da, baina herritarrek borondatez dirua eman ahal izango dute, eta jasotako guztia Aspanogi minbizia duten Gipuzkoako adingabeen familien elkartearentzat izango da. «Hori da gure esentzia», azaldu du Herrero zuzendariak. «Ahalegintzen gara emanaldi hauek besteen zerbitzura jartzen, guztiok baikara guztion ongizatearen arduradunak, elkar zaindu behar dugu eta ahal den neurrian denok egin behar dugu denon ongizatearen alde». Uztailean, kurtso amaierako kontzertuan jasotako dirua Ademgi Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren ikerketaren aldeko elkartera bideratu zuten.
2016tik
Emotio Taldea 2016 urte amaieran sortu zen. Goierriko hainbat herritako 20 emakumez osaturik dago. Abeslariek ez dute aurretiazko esperientzia koralik ezta musikalik ere, baina guztiek partekatzen dute kanturako zaletasuna eta pasioa. Urtero bidaia musikal bat egitea da taldearen erronka. Bide horretan, Pragan, Erroman, Madrilen, Oporton eta Granadan eskaini dituzte kontzertuak.