Gazari buruzko film bat emango dute gaur Lazkaoko elkartasun astearen barruan
Lazkaoko Ruanda Taldeak gaur Nacido en Gaza filma eskainiko du. Palestinako Gazako zerrendaren egoera islatzen du, Israelek 2014ko udan egindako erasoen garaian. Hernan Zin-ek zuzendua, hamar haurren eguneroko bizimodua jaso zuten, gerra betean. Areria zineman, gaur 21:00etan hasiko da.
Beste mundu bat posible da goiburuarekin, Ruanda Taldeak herenegun ireki zuen kultur etxean Naturaren emakume defendatzaileak erakusketa. Alboan erakundearena da, Amazonia gara, guztion etxea defenda dezagun kanpainakoa. Naturaren alde diharduten hamar emakumeren testigantzak bildu ditu.
Ruandako lanaren lagina
Erakusketa-aretoan bertan, Ruanda Txokoa ere jarri dute, Afrikako herrialde hartan azken urteetan egindako lanaren berri emateko. Lazkao eta Olaberriko herritarren eta udalen, eta San Benito eta Orioko Ikastolen laguntzaz aurrera ateratako egitasmoen argazkiak eta azalpenak jarri dituzte.
Bidezko merkataritzako produktuen salmena ere badago bertan, baita Ruandako artisautza eta produktuak ere ikusgai. Abenduaren 16ra arte, astegunetan 16:30-19:30 eta larunbatean 12:00-13:30 eta 18:00-20:00 ordutegiarekin irekiko dute.
Elkartasun jaialdia etzi
San Benito Ikastolak ere urteroko Elkartasun Jaialdia prestatu du, Giharako eskolaren alde. Ostiralean 17:00etan hasiko da, Arerian. Azkenik, asteburuko Liburu Azokaren baitan, bigarren eskuko jostailuen salmenta solidarioa egingo dute, plazan.