Kaikua, garai berrietara egokitutako eta pertsonalizatutako jantzia
Kaikuari indarra emateko helburuarekin modako beste kolore batzuen aldeko apustua egiten du Beasaingo Labores Otea dendak.
Artilezko kaiku ponpoiduna abenduaren 24ko kantu eskerako jantzietako bat izan da urte askoan Euskal Herrian. Klasikoenak, urdin ilunak izaten dira, gorri koloreko marrazkiekin uztartuta. Euskal Herriko sei herrialdeetako armarriak (Nafarroa bateratua) edo euskal sinbologiak (lauburuak edo kateak, adibidez) irudikatzen dituzte marrazkiek. Denboraren joanean, kaikuaren kolore konbinaketak aldatuz joan dira: beltza eta grisa, berdea eta zuria…. baina beti, koloreen kontrastea bilatuz, irudiak nabarmentzeko.
Hala ere, denboran iraun nahi duenak garai berrietara egokitzen jakin behar duela esaten da. Eta horixe egin dute Beasaingo Labores Otea dendan, kaikuei indarra emateko helburuarekin, modako beste kolore batzuetako kaikuen aukera eskainiz.
Oteako Udete Justoren esanetan, goierritarrak «klasiko samarrak izanik», beixaren (triku kolorea deiturikoa) zaleak dira gehienak. «Konbinatzeko erraza izaten da beixa». Hala ere, arrosak, menta berdea… koloretakoak ere aukeran dituzte.
Dena den, norberak eginez gero, nahi adina kolore konbinatu daitezke. Justok berak ikastaroetan erakusten du kaikuak nola egin. «Berde botila deitzen zaion berdea eta beix argia oso polita geratzen da», gomendatu du. Tokillaren ordezko proposatzen du Justok, beroki gisara.
Bereizgarri gehiago ere bai
Beasaingo Otean lan askoko garaia izaten da Eguberrietakoa. Dendaren espezialitate nagusienetako bat baita, abenduaren 24an janzten diren euskal jantziak. Otea marka propioa ere badute gonetan eta mantaletan. Oihaletan arreta berezia jartzen dute, gonak eta mantalak bereziak eta bakarrak josteko, oihal konbinazio egokienekin. «Aurten, urdinak eta berdeak ekarri ditut… Azken urteetan granatea asko erabili izan da eta», aurreratu du beasaindarrak.
Sortzailea da Justo eta mimoz prestatzen du Gabonetarako eskaintza. Kolore desberdinetako eguzki lorez apaindutako zapiak ere prestatu ditu aurten goierritarrak dotore janzteko.