Mujika harategiak 60 urteko ibilbide oparoa
Juan Mujika eta Inaxita Lasa senar-emazteek orain 60 urte zabaldu zuten harategia Ordiziako Buztuntza auzoan. Haien bost seme-alabetatik hiruk jarraitzen dute negozioarekin.
Juan Mujikak eta Inaxita Lasak duela 60 urte hasi zuten Mujika harategiaren ibilbidea, Ordiziako Buztuntza auzoan, gaur egun lantegia edo obradorea daukaten lokalean. «Guardia Zibilen kuartela, eta atzean lau etxe, beste bi Kikoneko parekoak… Besterik ez zegoen. Gero hasi ziren etxe gehiago egiten. Gerora Buztuntzan bost harategi izan ziren», gogoratu ditu hastapenak Inaxita Lasak.
«Bokaziozko harakina» zuen senarra. «18 urterako hiltegira joaten zen, bizikletarekin. Ia Santa Marinan zegoen baserritik behera jaitsi oinez, osabaren etxetik bizikleta hartu eta lehenengo Beasaingo hiltegira eta gero Joxe Etxezarretaren harategira joaten zen ofizioa ikastera».
Tolosako eta Donostiako bi harategitan ibili ondoren, soldadutza bukatu eta gero ireki zuten Buztuntzako harategia. «Soldadutzatik etorritakoan aitak agindu zion lagunduko ziola harategiarekin, baina hilabetera hil zen. Lagun batek lagundu zion harategia jartzeko lokala erosten. Lagun onak izan ditugu beti inguruan. Bi urtera ezkondu ginen, Juan 26 urterekin eta ni 24rekin. Bederatzi hilabetera jaio zen seme zaharrena, Juan Ignazio», gogoratu du Inaxitak.
Azokak erakarrita jende ugari ibiltzen zen Ordiziako erdiguneko kaleetan. «Hogei bat harategi egongo ziren Ordizian. Nire gizona oso mugitua zen eta orduan Buztuntzatik herri erdigunera joaten hasi zen asteazkenetan, udalak Goen plazan jartzen zituen etxoletara…. Asteazkenetan bakarrik irekitzen zituzten». Bezero kopuru polita egin zuen eta Goeneko etxolak kendu egingo zituztela eta, gaur egun Kale Nagusian daukaten lokala erosi zuten. «Ni Poligonokoan geratu nintzen eta Juan, Kale Nagusikoan», dio Inaxitak.
Hiru seme-alaba bide beretik
Gaur egun, Buztuntzako lokala odolkiak egiteko egokituta daukate. Ordiziako Kale Nagusiko harategiaren ardura Javik eta Maitek daramate, eta Beasaingoarena (Joxe Etxezarreta jubilatu zenean Juan Mujikak hartua), Juan Ignaziok eta harem emazteak, Elena Perezek. «Ekintzailea, pauso bat aurretik joaten zena, bisio handikoa, bere garairako oso aurreratua», deskribatu dute aita, gurasoek hasitako bideari jarraipena eman dioten Juan Ignazio, Maite eta Javi seme-alabek (bi seme-alaba gehiago ere badituzte). «Negoziorako begi ona izan zuen. Txerrikumerik jaten ez zen garaian, Unanuatik (Nafarroa) ekartzen zituen. Gabonetan ekartzen zituen».
Erreleboa, «natural»
Hiru seme-alaba zaharrenek adierazi dutenez, «natural» jarraitu dute harakin ofizioa. Dena den, «gurasoak zerotik hasi ziren. Zortea izan zuten, jende ona eduki zuten eta inguruan. Guk dena jarrita hartu dugu». Seme zaharrena, Juan Ignazio 13 urterekin hasi zen harategian ikasten. «Aita operatu zutenean 14-15 urte nituen eta amari laguntzeko adina ikasteko eskatu zidan». Soldadutzara joan zenean, ondorengo biek, Maitek eta Javik hartu zioten erreleboa.
«Odolkiak egiten dituztenean ni begira egoten naiz. Gozatu egiten dut oraindik»
Inaxita Lasa. Mujika harategiko ama
Juan Ignaziok 22-23 urte zituela, eta Maitek bi urte gutxiago, hartu zuten Beasaingo harategiaren ardura. «Bezero oso onak ditugu. Buztuntzako itxiagatik Kale Nagusira ere etortzen dira», nabarmendu dute. Kale Nagusiko harategiak 40 urte egingo ditu datorren urtean eta Beasaingoak 38.
Hirugarren belaunaldiaren jarraipena izatea zail ikusten dute, oraingoz inori ez baitie ogibidea erakutsi. «Lan gogorra da, baina oso polita», aitortu dute. Gainera, «gure garaian lagundu egiten zitzaigun, gaur egun oso zaila dago», nabarmendu du Inaxitak.
Odolkiei esker
Harategiaren hasierako urteetan «arnasa hartzen» lagundu ziena odolkia izan zen. «Odolkiei esker atera ginen aurrera», gogoratu du Lasak. Odolkiekin «fama hartu» zuten CAFeko ekonomatoan saltzen hasi zirenean. «Ekonomatoko arduradunari gustatu egiten zitzaizkion eta saltzera eramaten genituen. Jende askok ez daki odolkiak egiteko denbora behar dela. 16:00etan berri-berriak eramaten zituzten kamioian eta hurrengo goizerako gehiago eskatzen zizkiguten. Berriz ere gauean egin beharrean geneukan. Baina burua orduantxe altxa genuen. Lan asko egin dugu». Beste herri batzuetako harategietan ere saltzen zituzten odolkiak.
Gaur egun ere jarraitzen dute odolkiak egiten, horretarako egokitutako lokala osasun neurrietara eta makineriarekin egokituta. Amak erakutsita bezala egiten dituzte oraindik ere odolkiak. «Ni begira egoten naiz. Gozatu egiten dut oraindik», aitortu du.