Santa Lutzi, aurten euripean
Eguraldi narrasari aurre eginez, jende ugari elkartu da Urretxu-Zumarragako feria kuttunean.Iaz baino abere eta tratu gehiago izan dira, eta postuak, gutxiago.
Goizeko lehen orduetan hasi da Santa Lutzia feria, Urretxuko eta Zumarragako kaleak eta plazak aberez, nekazari tresnez, artisauez, era askotako saltzailez eta musikariz betez, eta arratsaldeko lehen orduetarako postu gehienak jasota zeuden. Goizean izan dira feriako erakusketa, sariketa, salmenta gune, erakustaldi, kirol saio eta bestelako ekintza nagusiak, baina arratsaldean ere izan da zer egin, kirol hitzorduekin. Ordurako, goiz partean euriari aurre eginez bildu den jendetzaren arrastorik ere ez zen geratzen, baina festa gogoarekin jarraitu nahi zuten asko ikusten zen oraindik iluntzean.
Goierriko txoko honetako feria kuttunaren aurtengo edizioak ez du hutsik egin, eguraldi narrasa kontra izan badu ere.
Iaz baino salmenta gehiago
Santa Lutzia ezaguna bada, abereengatik da, zaldi eta behorrengatik batez ere. Urdaneta hiribidea izan da horien erakustokia, baita astoena, zaldi txikiena eta ahuntzena ere, eta guztira 227 abere bildu dira bertan: 22 zaldi, 44 moxal, 82 behor, 41 pottoka, 18 asto, lau mando, bi ahuntz eta hamalau poni. Iaz 193 buru aurkeztu ziren, beraz, aurten, gehiago izan dira.
Gehiago izan dira, baita ere, tratuak eta salmentak, iazko feriarekin alderatuta. Aurten 39 buru saldu dira guztira: hamar zaldi, lau moxal, lau behor, hamasei asto, bi ahuntzak eta hiru poni. Ikusten denez, astoek dute tiradizorik gehien.
Bi herrietako gainerako guneetan sakabanatuta, bestalde, makina bat produktu saltzeko postuak egon dira: Zumarragan 201, eta Urretxun 124.
Protagonista ugari
Urdanetan abereak bakarrik ez, abeltzainak ere elkartu dira, horien artean 14 urteko Mikel Lizarazu, Urretxuko Larrea baserrikoa. Pozik zebilen kaletik eguerdi partean Elena arrebarekin eta Oñatz lagunarekin, inguruko abere talde onenaren saria irabazi eta gero. Aita Jesusengatik jasotako afizioa du Mikelek ganaduarena, «umetatik datorkit», zehaztu zuenez. «Etxean 10-bat zaldi eta behor ditugu, eta gustuko ditut. Familian beti egon dira, eta jarraipena eman nahi diogu. Lana ematen dute, baina gustukoa baduzu, ez da lana». Aita Jesus, osaba Iñaki eta hirurak ibiltzen dira lan horietan.
Ezkioko Berroeta baserriko Jon Urkiola ere pozik zegoen Urretxuko plazan, feria amaitzear postua ia hutsik zeukalako. «Goizean saltzen hastea kostatu da, eguraldiak ez duelako asko lagundu, baina poliki-poliki martxa hartu dugu, eta azkenean ondo». Ogi guztiak salduta zituen, eta gazta gutxi batzuk geratzen zitzaizkion.
Ekotalo talo postuko Julen Altzelaik ere balorazio ona egin du Zumarragako plazan jarritako postuan. «Feriara gatozen bosgarren aldia da, baina lehen aldia gure talo morearekin». Produktu berria da talo morea, eta «ikaragarrizko kuriositatea izan da horren inguruan goiz-goizetik». Talo postu ugari egon dira feria osoan , baina Ekotalok duen eskaintza berezia da, taloari berari dagokionez eta barrukoari dagokionez, eta «oso harrera ona izan dugu aurten ere».
Horiek, feriak izan dituen protagonista ugarietako hiru dira, askoz ere gehiago izan direlako, aterkien baimenarekin.