Tokiko merkataritza, funtsezkoa
Goierriko dendariek eta merkatari elkarteek ilusioz prestatu dute Eguberrietako kanpaina. Urrutira joan gabe, eskaintza zabala dago.
Negozio txikiak, funtsezkoak dira tokiko ekonomiarentzat. Horixe da Lazkao, Idiazabal, Beasain eta Ordiziako udalek, Goiekik, eta Ordizian, Bareak, Lazkaon eta Idiazabalgo merkatari elkarteek osatzen duten Bidari lantaldeak aldarrikatzen duena. «Goierriko tokiko merkataritza funtsezkoa da eskualdeko ekonomiarentzat, enplegua sortu eta eskualdearen garapenean aurrera egiteko nahitaezko rol-a baitu. Goierriko biztanleentzat enplegua sortzeaz gain, eskualdeari nortasuna ere ematen diote. Era berean, kalitatezko produktu eta zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, eskualdeko merkataritza sarea aberastuz».
Datu zehatzak ere eman ditu Bidarik: Goierri behean 2.000 saltoki txiki inguru daude eta guztira 5.200 lanpostu ugari sortzen dituzte. Baina datu kezkagarri bat ere eman du: 2018tik 97 merkataritza establezimendu itxi dira. Datu hori iraultzeko, ezinbestekoa da goierritarren sentiberatzea eta erosketak herrietako saltokietan egiteko konpromisoa hartzea, herriak eta eskualdea bizirik mantentzeko.
Erosketa gehiago egiten den garaia izaten da Eguberriena. Opariak direla, otorduak direla, konpromisoak direla… Urrutira joan gabe, eskaintza zabala dago, eta Goierriko dendariek eta merkatari elkarteek ilusioz prestatu dute Eguberrietako kanpaina.
Beasainen
Saltokietan dauden pertsonak «aurrera pauso bat eman», eta herriari eta herritarrei eskaintzen diotena balioan jarri nahi du Bareak elkarteak Gabon giroko kanpainarekin. Ohi bezala, erakusleiho lehiaketa antolatu du
Beasaingo Udalarekin batera, Balu artistarekin egindako oihalezko poltsak oparituko dituzte erosketak egiten dituztenen artean, erosketa bonuak salgai jarri dituzte elkartearen bulegoan (40 erosi eta 50 euro gastatu), eta abenduaren 27an eta 28a (10:30-13:30 eta 17:00-20:00) txu txu trena ibiliko da kalez kale.
Legazpin
Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Ilintik ere. Herriko denda guztiek parte hartzeko aukera izango dute. Erakusleihoak abenduaren 11tik eta urtarrilaren 6ra arte egongo dira muntatuta. Lau sari banatuko dituzte; horietako bat, herritarrek emandako botoekin erabakiko da. Sariak abenduaren 20an jakinaraziko dira.
Bestalde, abenduaren 15era bitartean, tokiko merkataritzarekiko leialtasuna sarituko dute, 2.000 euro sarietan banatuz. Abenduaren 15ean egingo da zozketa handia, Hegialde auzoan egingo den festan. Bertaratzen direnei, txokolate beroa banatuko diete. Ekitaldia DJ batek girotuko du.
Ordizian
Abenduan Ordiziako saltokietan erosten duten pertsonen artean 10.000 bonboi banatuko dituzte, horietako bi, urrezkoak izango dira. Urrezko bonboia topatzen duten bezeroek 500 euroko erosketa balea jasoko dute. Bestetik, Gabonetako loteri dezimoen eta otarren zozketak ere egingo dituzte, abenduaren 18tik22ra, 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra. «Egun bakoitzean otarra eta 20240 zenbakidun Gabonetako loteri dezimoak zozketatuko ditugu herrian kontsumitzen dutenen artean». Abenduaren 20an, kaleak alaitzen Burrunbazale txaranga ariko da. Azkenik, urtarrilaren 5ean, «sari potoloaren zozketa» egingo dute: «2.000 euroko balioa duen, eta Ordizian-en bulegoan ikusgai egongo den erakusleihoa zozketatuko dugu».
Urretxun eta Zumarragan
«Herrian erostearen magia» aldarrikatuko dute. Urtarrilaren 5era bitartean, ekintza ugari egingo dituzte. Dendako ateak lazo gorri handiarekin apainduko dituzte, erakusleihoak apaindu, erosketen truke Olentzeroren eta Mari Domingiren zakuaren zozketarako boletoak banatu (hilaren 22an egingo da zozketa), Areizaga Kalebarrenen tonbola bat jarriko dute (abenduaren 15tik aurrera) eta ostiral magikoak antolatuko dituzte.