Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du arratsalderako Hotz Legazpik
Kandelak piztuta, 'Free Palestine' idatziko dute lurrean, palestinar herriaren askatasuna aldarrikatzeko.
Hotz Legazpi elkarteak antolatuta, palestinar herriaren aldeko elkarretaratze berezi bat egingo da gaur arratsaldean plazan, udaletxe ondoan, 19:00etan. Kandelak piztuta, lurrean “Free Palestine” (Palestina askea) idatzi nahi dute, «Palestinar herriak bere jaioterrian bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko».
Gaurkoa Hotz Legazpik Palestinaren inguruan antolatzen duen bigarren ekintza da. Astelehenean, Kultur Etxeko areto nagusia goraino bete zen herrialde horretan bizi duten egoerari buruz egin zuten hitzaldiaren aitzakian. Iñigo Artamendi kazetariak, Nazio Batuetako UNRWA Euskadi erakundeko Barbara Ruizek eta Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Bizilur Erakundeko David Lopategik parte hartu zuten bertan.