Goierri, liburuen herri
Ataunen, Lazkaon eta Seguran gaur irekiko dituzte euskal liburu eta disko azokak, asteburu guztirako. Goierriko 2023ko ekoizpen bibliografikoaren plaza izango dira. 47 titulu atera dira aurten.
Goierriko euskal liburu eta disko azokak gaur zabalduko dituzte. Aurreko urteetan bezala, hiru kokagune izango dira, euskarazko literatura, argitalpen eta diskografia %15eko deskontuarekin erosteko aukera emango dutenak. Hiru leku, bakoitza bere egitarauarekin eta antolakuntzarekin, baina denak elkarlanean eta era koordinatuan eratuak dira.
Ataunen San Martin auzoko Herri Antzokian jarriko dute liburu azoka; Seguran, Botikaxahar aretoan; eta Lazkaon, ohi bezala plazako frontoian. Batik bat, aurten Euskal Herriko argitaletxeek ateratako nobedadeak jarriko dituzte, baina baita beste urte batzuetako tituluak ere. Eskariak egin ahalko dira, deskontu berbera baliatzeko moduan.
Aurkezpen batzuk ere izango dira, Ataunen eta Lazkaon. Castillo Suarez altsasuarra eta Miriam Luki urretxuarra joango dira Ataunera, bihar-etzitan. Lazkaon, bost egile goierritar izango dira irakurleekin; Amaia Telleria idiazabaldarra eta Laida Ruiz lazkaotarra, Irati Goikoetxea beasaindarra, Xabier Mendiguren beasaindarra eta Eneko Aizpurua lazkaotarra.
Euskararentzat urte ona
Euskal idazleen eta musikarien liburuak ez ezik, Goierriko egileenak topatzeko ere pagotxa izango dira hiru azokak. Guztiak ez –herri mailan argitaratuak direlako liburu asko–, baina lan asko erosteko eta ikusteko balioko dute asteburuko hitzorduek.
Goierriko 2023ko liburu ekoizpenari dagokionez, guztira 47 tituluk ikusi dute argia. Euskarazko tituluek hartu dute kopuruz gaina, aspaldiko urteetan gaztelaniarekin parez pare ibili ondoren. Euskaraz 32 titulu berri argitaratu dituzte (%68), eta beste lau elebitan (%8,5).
Ohi bezala, saiakera-historia-gida-biografien generoa izan da oparoena, 14 libururekin. Eleberri, narrazio edo ipuin liburuak 10 atera dira, haur eta gazte literaturakoak zortzi, euskarara itzulitakoak hiru, eta poesia bat.
Literatura sarituak ere albiste izan dira, urtean zehar. Miriam Luki Argialdiak narrazioarekin (Zilarrezko Euskadi Saria), Joxemari Berasategi zegamarra eta alaba Maialen Berasategi (itzulpengintzako Euskadi Saria) eta Irati Goikoetxea Basa bizi olerkiarekin (Nafar Ateneoaren Saria) nabarmendu dira.
Etorkizun hurbilerako, Irati Irizar lazkaotarraren estreinaldia ere prestatu du 2023ak, Igartza saria jaso ondotik.
Gaztelaniaz 11 titulu atera dira: zazpi eleberri, eta poesia eta saiakera bana, eta bi itzulpen.