Kira Toussaint, Ordizian txapela irabazteko faboritoa
Abenduaren 29an jokatuko da Majori kiroldegian Nazioarteko 41. Eguberrietako Igeriketa Txapelketa. Hirugarren aldiz jarraian Europako txapelketa irabazi du herbeheretarrak 50 bizkarreko proban. Gizonetan, Ulises Saravia da faboritoetako bat, eta paralinpiarretan, hautagai nagusia Iñigo Llopis donostiarra da.
Kira Toussaint igerilari herbeheretarra izango da faboritoa Ordizian txapela irabazteko. Abenduaren 29an jokatuko da Nazioarteko 41. Eguberrietako Igeriketa Txapelketa, Majori Kiroldegian. Toussaint izango da izar nagusia antolatzaileek jakinarazi dutenez. Joan den astean, hirugarren aldiz jarraian irabazi zuen Europako txapelketa proba horretan, eta 100 bizkarreko proban urrea errepikatu zuen.
Igerileku motzean, 50 bizkarreko proban, errekorra ezarri zuen 2020an, 25.60 markarekin, eta bi urtez eutsi zion errekorrari, iaz Margaret Mcneil kanadarrak igerileku motzeko munduko txapelketan kendu zion arte. Kira Toussaint 1994ko maiatzaren 22an jaio zen, eta bere palmaresean dauzka urre bat, zilar bat eta 4 brontze mundu mailan, eta 12 urre, 6 zilar eta 4 brontze Europa mailan.
Ibilbideari eta markei erreparatuta, faboritoa da emakumeen artean. Borroka bigarren postuagatik izango da. Lucia Gauna eta Guillermina Ruggiera argentinarrak, Maria Victoria Yegres venezuelarra, Kim Jansen holandarra eta Aurora Velati italiarra ere Ordizian izango dira. Jimena Perez eta Cristina Ciobanu internazional espainiarren, eta Maider Redin, Ainhoa Martin eta Leire Martin gipuzkoarren parte-hartzeak ere nabarmendu dituzte.
Gizonena irekiagoa
Gizonen txapela lortzeko lehia “askoz irekiagoa” izango da antolatzaileen esanetan. Ulises Saravia argentinarra da faboritoetako bat. 50 eta 100 bizkarreko errekorrak ditu igerileku motzean zein olinpikoan. Guido Buscaglia argentinarra (50 libreko eta 100 estiloko errekorrak) ere txapela lortzeko lehian kokatu dute. Lars Verhalle holandar (Holandako 200 estiloko bigarren sailkatua) eta Gabriele Brambillaschi italiar (100 estiloko proban irabazlea 2021eko Gabonetako txapelketan) igerilariak nabarmendu dituzte.
Espainiar internazionalen artean, Jaime Moroteren, Nacho Camposen eta Juan Seguraren parte hartzeak azpimarratu dituzte, eta euskal herritarren artean, Oscar Pascual nafarrarena, Mikel Bildosola bizkaitarrarena eta Jon Osa gipuzkoarrarena.
Igerilari paralinpiarrak
Aurreko edizioetan bezala, igerilari paralinpiarrek ere parte hartuko dute txapelketan. Aurten berritasun bat dute: kategoria horretako igerilarientzat ere diruzko sariak egongo dira. Saria irabazteko hautagai nagusia Iñigo Llopis donostiarra izango da. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi zuen eta 2024ko Pariskoetara joateko sailkatuta dago.