Ataunen zabaldu dituzte liburuen eta artisau lanen azokak
Herri Antzokiko atalondoan jarri dute euskal liburu eta disko azoka, eta goizean goizetik ari dira bisitariak joaten. Herriko sortzaileek, bestetik, dantzako lokalean jarri dituzte euren artisau-sorkuntzak eta produktuak.
Ataungo euskal liburu eta disko azoka atzo arratsaldean zabaldu zuten, eta gaur bigarren eguna du. Goizean 10:00etan ireki dituzte ateak, San Martin auzoko Herri Antzokian –han egongo da asteburu osoan azoka–, eta 14:00ak arte bisitatu ahalko da. Bihar, igandea, ordutegi bera izango du.
Aurtengo euskal literaturako eta diskogintzako nobedade nabarmenenak ikusi eta eros daitezke Ataungo azokan. Txoko bat ere ipini dute herriko argitalpenekin.
Bi idazle gonbidatu dituzten Ataunera. Castillo Suarez altsasuarrak gaur eguerdian aurkeztu du Alaska liburua. Bihar, berriz, 12:00etan Miriam Luki urretxuarrak Argialdiak narrazio liburua aurkeztuko du.
Egitaraua ixteko, bihar 17:00etan Maridomingi, altxor ezkutua antzerkia izango da, antzokian.
Ataungo sortzaileek, beren aldetik, artisautza lanen erakusketa eta salmenta antolatu dute. Herri Antzokiaren aldameneko dantza lokalean ipini dute. Hainbat mahaitan, herriko artisauen produktuak eta lanak ikusi eta erosi daitezke.
Argazkiak: Aimar Maiz