Euskal Herri mailako zortzi txirrindulari lasterketa jokatuko dira 2024an Goierrin
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak atzo onartu zuen nazio mailako egutegia. Afizionatuen bost proba, eta junior, kadete eta nesken bana jokatuko dira Goierrin.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak atzo arratsaldean onartu zuen 2024rako lasterketen egutegi ofiziala. Elgoibarren (Gipuzkoa) izan zen urteko batzar nagusia, eta hasieran minutu bateko isilunea egin zuten hil berri den Luis Mari Perez urretxuarraren oroimenean –baita Iñigo Diazenean ere–, txirrindularitzan antolatzaile eta probetako ibilgailu-gidari modura urte askoan egin duen lanagatik.
Goierrin Euskal Herri mailako zortzi proba jokatuko dira, guztira 68: afizionatu mailako bost, junior eta kadete mutilen bana, eta emakumezkoen egutegiko bat. Aldaketa nabarmenetako bat juniorren eta kadeteen arloan egin dute, datorren urtean berriro Hego Euskal Herri mailako egutegiak berreskuratuko direla.
Bestetik, aldaketei dagokienez, gizonezkoen afizionatuetan Euskaldun eta Lehendakari txapelketetan aritzeko gehieneko adina 29 urtean jarri dute. Emakumezkoen Euskaldun Txapelketetan, berriz, dieten eta sarien kopuruak eguneratu dituzte. Mendi-bizikletan, azkenik, emakumezkoen bi maila sortu dituzte: kadete neskena eta junior neskena.
Euskadiko federazioaren egutegiko zortziez gain, Gipuzkoako federazioak antolatutako proba gehiago ere izango dira Goierrin. Oraindik ez dute herrialdeko egutegia argitaratu.
Goierriko probak 2024 (Euskadiko Federazioaren egutegia):
Afizionatu gizonezkoak:
- Lazkao, maiatzak 4
- Beasain, maiatzak 18
- Ataun, maiatzak 19
- Segura, ekainean (eguna zehaztu gabe)
- Zegama, abuztuak 31
Junior mutilak:
- Zegama, ekainak 1
Kadete mutilak:
- Ordizia, uztailak 20
Emakumeak:
- Segura, maiatzak 25