Goierriko artistak Beasainen elkartu dira, artea eta artelanak elkarrekin gozatzeko
Igartzako burdinolan margolanen, eskulturen eta argazkien erakusketa jarri dute. 35 bat artistaren lanen bilduma partekatu dute elkarrekin.
Goierriko artistek Beasainen egin dute gaur urteroko topaketa eta juntadizoa. 22. urtez, elkartu, elkarrekin hitz-aspertu batzuk egin, eta, batez ere, denek lokailu duten arteaz gozatu dute. Igartzako burdinolan egin dute bilkura.
Egun osoko festa izan dute, ordea. Eguerdian, bazkaria egin dute 17 lagunek, Beasaingo Aterpe taberna artezalean. Ondoren, 18:00etan, Igartzako burdinolan erakusketa ikusiz eta piskolabis bat dastatuz borobildu dute aurtengo hitzordua.
Burdinolako aretoko harrizko hormetan 31 koadro zintzilikatu dituzte: 27 margolanak eta lau argazkiak. Aretoaren erdian, berriz, eskulturak. Artista bakoitzak lan bat aukeratu eta ekarri du erakusketarako.
Tamalez, arteak kalean jarraipen handirik ez duela eta erakusketetara jende askorik ez dela sartzen deitoratu dute. Baina, besterik ezean, artisten artean beren lana eta izatea aldarrikatzeak asebete ditu. Zaletasun, pasio eta dohain duten artea baloratu nahi duen edonorentzat –eta euren buruentzat– eskainiz.
Argazkiak: Aimar Maiz