Bihar amaituko da Legazpiko erakusleiho onena aukeratzeko epea
Ilintik eta udalak antolatuta, hamabi denda eta zerbitzu ari dira parte hartzen aurtengo Gabonetako erakusleiho lehiaketan. Lau sari daude jokoan, tartean herritarrek bozka bidez aukeratuko dutenari emango zaiona. Bihar da bozkatzeko azken eguna, eta irabazle guztiak asteazkenean jakinaraziko dituzte.
Legazpiko 12 dendak eta zerbitzu ari dira parte hartzen udalak Ilintiren laguntzarekin antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan. Erakustaldia urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, baina irabazleen izenak etzi, hilaren 20an jakinaraziko dituzte, eta sariak hurrengo egunean emango dituzte, 13:00etan.
Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 300 euro eta herritarren saria jasotzen duenak, 500; guztiek plaka bat ere jasoko dute. Ohi bezala, irudimena, konposizioa, argiztapena, kolorea, originaltasuna eta publizitate mezua hartuko ditu kontuan epaimahaiak.
Herritarren bozketa
Herritarrek ere izango dute epaile izateko aukera, bozketa bidez. Bozketa bihar arte egin daiteke Aizkorri kaleko Apatxo liburu dendan eta Laubide auzoko Betieder estetika zentroan jarritako kutxatiletan. Bozkatzen dutenen artean, 100 euroko erosketa txartel bat zozkatuko dute.
Hauek dira parte hartzen ari direnak: Maitia, Xaloa estetika, Apatxo, Oskarbi Optika, Attiko, Okela harategia, Betieder, Aranzazu Optika, Laubideko eta Nafarroa kaleko Sustrai fruta dendak, Mimaru lora denda eta Kaleko estankoa. Guztiek kartel bat jarrita dute erakusleihoetan, lehiaketan parte hartzen ari direla adierazteko.