Azalorea berdetu egin da
Pazko loreen kolore biziak nagusitu dira Gabon bezperako ferian, baina berdeak ere izan du lekua, azaloreari esker. Udazkeneko azkena izan da gaurkoa, eta txistor usaina izateaz gain, agurretarako tartea ere hartu du.

Udaletxeko atarian egin den Gipuzkoako txistor txapelketak usain berezia jarri dio gaurko feriari, eta eguraldiak ukitu tristea ere bai, ez delako batere atsegina izan goiz partean. Udazkeneko azken feria izan da, eta Gabon jaien bezperakoa.
Hain zuzen, Gabonen gertutasuna nabaria izan da gainera, eta Lasaren izeiak (10-15 euro artean) eta Maria Dolores Mendizabalen eta Iñaki Azanzaren pazko lore koloretsuak (5-10 euro) izan dira data esanguratsu horien iragarle nagusiak. Edurne Jauregiren postuan ere baziren Gabon kontuak, eta aurreko urteetan bezala, pinu adarrekin eta kaskarekin egindako koroak izan ditu salgai, 5 eta 10 euroan, tamainaren eta osagaien arabera.
Zuria, morea, eta orain baita berdea ere
Bestela, ia berritasunik gabeko feria izan da, garaia ere ez delako horretarako aproposena. Hala ere, produktu berri bat aurkeztu du Zeraingo Iñaki Intxaustik, azalore berde ekologikoa. Orain arte zuria eta morea baziren salgai ferian, eta gaurtik aurrera baita berdea ere. Intxaustik 1,5 eta 2 euro artean saldu du pieza.
Gabonetara itzulita, beste produktu bat ere aipatu behar da, zopakoa edo pistola, egun horietako mahaietan oso estimatua den arrain zopa egiteko askok eramaten dutelako. Maite Iturberen postuan zegoen salgai, 1,30 euroan.
Agurren feria
Udazkena agurtzeko bakarrik ez, bi saltzaileek salmenta denboraldiari agur esateko feria ere izan da gaur goizekoa. Jesus Mari Uzin izan da horietako bat. Tomate garaia agortu dela, eta hurrengo maiatzera arte ez dela itzuliko iragarri du. Sentipen gozoekin agurtu da, denboraldi ona izan duelako, eguraldiaren eraginez edo, produkzioan etenaldi txikiak izan dituen arren.
Aldaba Zaharreko postuan ahuntz gazta saltzen duen Niko Delsertek ere amaitu du denboraldia. Ahuntzak antzutu dira, eta otsailera arte ez dituzte umeak izango. Orduan hasiko dira esnea ematen ere, eta Delsert martxoan itzuliko da feriara gazta berriekin. Espero baino denboraldi hobea egin duela esan du gaztagileak, eta pozik itzuliko omen da martxoan.
Sukaldariak feriekin kezkatuta
Roberto Ruiz ohiko eroslea da Ordizian, eta gaur, Gipuzkoako txistor lehiaketako epaile lanak egitera gonbidatu duten Javier Diaz Zalduendorekin elkartu da plazan. Biek elkarrekin egin zuten lan sukaldean garai batean Iruñeko Alhambra jatetxean, eta bertan jarraitzen du nafarrak chef lanetan.
Ruiz eta Diaz elkarrekin ibili dira erosketak egiten txapelketa hasi aurretik, eta ferien inguruan duten kezka bat azaleratu dute. Adinagatik edo beste arrazoi batzuengatik saltzaile batzuk feriak uzten ari direla esan dute, eta ferien etorkizuna beltz ikusten dute. Denen artean zerbait egin beharko dela aipatu dute.
Perretxikoak eta ehiza
Perretxikoen atala ohi baino eskasagoa izan da gaur. Lasak hamarna kilo mendiko angula, niskalo eta saltsa perretxiko beltz besterik ez ditu aurkeztu, guztiak 22 euroan kiloa. Gainera, 40 uso ere jarri ditu salgai, 7 euroan pieza.
Bestalde, fruta saltzaileenetan ere nabaria da Gabonen usaina. Gaur, ohi baino anana gehiago saldu dituzte, kiloa 2,5 eta 5,9 euro artean, anana Gabonetan asko jaten den fruta delako. Kutixiak nahiago dituztenek gereziak (8,5-14,9 euro) eta marrubiak (8,9-12,9 euro) izan dituzte aukeran.
Gabonetako feria berezia
Gaurkoa feria berezia izan da Gipuzkoako txistorra lehiaketaren eraginez, baina hurrengoa ere, hilaren 27koa, berezia izango da, Eguberrietakoa. Ohi baino postu gehiago izango dira herriko kaleetan, eta bisitariak ere bai.

Gabonetako apaingarriak Edurne Jauregiren postuan.

Pazko lore koloretsuak Maria Dolores Mendizabalen postuan.

Zopakoa edo pistola.

Roberto Ruiz eta Javier Diaz sukaldariak