Legazpiarren etxebizitza premiei erantzuteko dauden udal baliabideen azterketa egingo da
Belaunaldien arteko Ezkurrenea proiektua dago lan horren oinarrian. Ezkurrenea eta beste udal baliabide batzuen funtzionamendua zehaztu nahi da.

Legazpiko Udalak prozesu bat jarriko du martxan urtarrilean, legazpiarren etxebizitza premiaren azterketa egiteko, eta premia horri udal baliabideekin alokairu sozialaren bidez erantzuteko dauden aukerak zehazteko. Prozesuak Ezkurrenea belaunaldien arteko proiektua du oinarrian, eta izaera parte hartzailea izango du. Hiritik-At aholkularitza enpresaren gidaritzapean egingo da.
Gaur eguerdian egin dute prozesu parte hartzaile honen aurkezpena aholkularitza enpresako Maialen Arregik eta Legazpiko udaleko Gizarte Zerbitzuetako buru den Nerea Arregik, Gizarte Ongizateko zinegotzi Josu Santurdek lagunduta.
Diagnosia, Aste Santurako
Parte hartze prozesu hau urtarrilean bertan abiatuko da. Lehenik eta behin, legazpiarrek etxebizitzen inguruan dituzten beharrak identifikatuko dira, eta horretarako, sektorekako elkarrizketa espezifikoak egingo dituzte, batez ere etxebizitzaren alorrean zaurgarrienak diren sektoreetako kideei. Elkarrizketa horietan jasotako informazioarekin galdetegi bat osatuko dute, eta herri osoari zabalduko diote ondoren, besteak beste, alokairu sozialerako interesik duten galdetzeko. Lan hori amaitutakoan, etxebizitzaren alorrean udalak dituen baliabideen azterketa bat ere egingo dute, eta Aste Santurako amaitzea espero dute.
Bi lanketa horiekin diagnosi bat lortuko dute, dauden premiak eta nahiak, eta udalak dituen baliabideak bilduko dituena. Ondoren, bigarren fasea abiatuko dute, herritar guztiei parte hartze saio batzuk eskainiz. Horietan, herritarrek behar duten etxebizitzaren izaera, espazioaren konfigurazioa eta funtzionamendua bezalako gaiak landuko dituzte. Uda hasi aurretik azken dokumentua osatuta edukitzea espero dute.
Proiektu honen azken helburua Ezkurrenea eta beste udal baliabideen diseinu espaziala zehaztea eta funtzionamendua arautzea da, besteak beste, erabiltzaileen profila finkatzeko.