Giza-proban desafioa dute Gabiriak eta Urretxuk
Duela urte batzuk ezagutu zuen sukarraldiaren parera iritsi ez bada ere, indarra hartzen ari da berriro giza-proba. Gabirian tiraldia egingo dute abenduaren 30ean herriko taldeak, lehen aldiz, eta Urretxuko zortzikoteak.
Giza proba apustua jokatu dute Gabiriako eta Urretxuko taldeek, lehenengo herrian, abenduaren 30ean. Hamabost minutuko tiraldi bana egingo du zortzi laguneko talde bakoitzak, eta zeinek plaza gehiago egin da desafioa. 19:00etan hasiko da.
Zumarragako Etxeberri auzoko festetan du sorburua ekimenak. Han tiratzeko jendea behar zutela eta, inguruko herrietako gazte batzuk bildu ziren. Urretxurekin aritu ziren orduan Patxi Ormazabal eta Endika Igartzabal, eta Legazpiko taldean Anartz Agirre eta Jon Agirre. «Orduan komentatu genuen Gabiriako taldea osatu eta desafioren bat egitea, saltsa pixka bat jartzeko», azaldu dute Gabiriako taldekoek.
Hamasei tiralariak
Esan, eta egin. Zortzi laguneko taldea osatu dute Gabirian, lehenengo aldiz. Denak gabiriarrak ez badira ere, honakoak ariko dira: Patxi Ormazabal, Anartz Agirre, Jon Agirre, Beñat Maiz, Eneko Aramendi, Endika Igartzabal, Josu Ibarguren legazpiarra eta Mikel Etxezarreta olaberritarra.
Urretxuko giza-proba taldeko kideak, berriz, hauek dira: Joanes Izagirre, Xabier Azkarate, Iñigo Lasa, Mikel Legarra, Kepa Telleria, Pablo Lopez, Markel Telleria eta Ander Izagirre.
Urretxuko Ipeñarrieta baserrian dagoen harri bat erabiliko dute, 760 kilo inguruko pisua duena. Proba non jokatuko den zalantzan daude: plazan edo kirol zelaian. Eguberri astean, Urtezahar bezperan giroa ipintzeko helburuz antolatu dute.