Ordiziako Sarek hainbat ekintza antolatu ditu Eguberriei begira
Mariskada baterako zozketarako txartelak eta txorizo pintxoak salduko dituzte plazan igandean. Hilaren 29an azken ostiraletako elkarretaratzea izango da, eta Urtezahar egunean, San Silvestre proban Sareren izenean parte hartuko du herritar talde batek.
Hainbat ekintza antolatu ditu Eguberrietara begira Ordiziako Sarek. Ordiziarrak zein goierritarrak deitu dituzte horietan parte hartzera. Igandean, abenduaren 24an, txorizo egosi pintxoak eta mariskada baten zozketarako txartelak salduko dituzte Plaza Nagusian, 11:30etik aurrera. Abenduaren 29an, berriz, hilabeteroko elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, Plaza Nagusian. Urtea amaitzeko, urte zahar egunean San Silbestre lasterketan parte hartuko du herritar talde batek Sareren izenean. Lasterketa amaitzean preso, errefuxiatu eta iheslariak gogoratuz topa egingo dute plazan.
“Ordizian ere konponbiderako giltzak” eskuetan izateko lanean ari direla jakinarazi du Ordiziako Sarek. Azaroaren amaieran aurkeztu zuen Goierriko Sarek Beasainen Konponbiderako giltzak ekimena, eta goiburu hori izango du urtarrilaren 13an Bilbon egingo den urteroko manifestazio nazionalak. Ordiziatik bertara joateko autobusa antolatu dute. Izena emateko zerrendak Herrikon eta Orlegin jarriko dituzte.
Euskal gizarte osoari zabaldu diote mobilizazio “baketsu eta demokratikoan” parte hartzeko deialdia, bizikidetza baitu oinarrian. “Zeren ez baikara hizketan ari helburu politiko edo alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara”.