'Eguberri, eguzki berri' ekitaldia egingo dute Gabon iluntzean
Eguberri, eguzki berri jaia egingo da Gabon iluntzean, Lepaka Haur eta Guraso Taldeak antolatuta, bi udalen laguntzarekin. Festa hau suaren inguruan egiten da eta aurtengoa dagoeneko seigarren izango da.
Herritarrak Zelai Ariztin elkartuko dira. Bertan, 18:30ean desfilea hasiko da. Zelai Ariztitik Legazpi kalera joango dira, handik Euskadi plazara, eta Soraluze kaletik Urretxuko Gernikako Arbola plazara joango dira. Desfilearen aurrealdean eguzkia eta ilargia joango dira. Ondoren, Olentzero eta Mari Domingi, su berria (naturaren ziklo berria) iragartzen. Beraien atzetik, baserritarrak, joango dira, su berria garraiatzen. Ondoren, musikariak, dantzariak, erraldoiak eta bidean zehar batzen joango zaizkien herritarrak.
Gernikako Arbola plazan, txalapartariek desfileko kideak badatozela iragarriko dute.Ikastetxeetako dantzariek agurra egingo diete su berriari eta Olentzero eta Mari Domingiri (Hator, hator) txistuaren doinuaz. Kontalariak kontakizuna hasiko du, musikaz lagunduta. Bertso musikatuak ere egongo dira. Txalapartaren soinuak lagunduta, baserritarrak, Olentzero eta Mari Domingi su zaharrera hurbilduko dira eta baserritarrek su berria su zaharrera botako dute. Hori da ekitaldiaren ekintza nagusia. Bukatzeko, baserritarrak, Olentzero eta Mari Domingi eta argi-zuziak daramatzatenak plazatik irtengo dira. Nekolalde kaletik gora karkabetara joango dira.
Eguberri, eguzki berri neguko solstizioarekin lotzen duten ekimena da. Helburua, naturarekiko harremana eta kultura ondarea berreskuratzea da. Ezagutzea eta transmititzea. Gainera, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiez baliatuta, Urretxun eta Zumarragan Gabon gauean ospakizun ekintza propioa sortzea da asmoa. “Herritarrontzat berezia izango dena, gurea izango delako”. Urretxuko eta Zumarragako eragile ezberdinen arteko elkarlana bilatzen da.