Gabonetarako ekintza sorta oparoarekin dator Bareak
Tokiko merkataritza indartzeko helburuarekin, Gabonetako erakusleihoen lehiaketa, saskien zozketak, erosketa bonuak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo dute, Udalaren babesarekin. Haurrentzako jolas parkea abenduaren 27an eta 28an izango da.
Tokiko merkataritzari bultzada emateko helburuarekin, Beasaingo Bareak elkarteak eta Udalak ekintza sorta oparoa antolatu dute eguberrietarako. Gabonetako erakusleihoen lehiaketa, saskien zozketak, erosketa bonuak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo dute, besteak beste.
Gabonetako erakusleiho lehiaketari dagokionez, 14 saltokik parte hartu dute. Erakusleiho onenen aukeraketan, herritarren hitza ere kontutan hartuko dute. 738 pertsonak eman dute botoa. Haien artean, hiru erosketa bonu zozkatuko dira. Abenduaren 28an egingo dute sari ematea.
Saria zozkatuko da ere, Bareak-eko panpinarekin kalean topo egin, berarekin argazki bat atera eta sare sozialetara igotzen dutenen artean.
Bestalde, gogoratu zuten, erosketa bonuak salgai daudela. 40 euro ordainduta, 50 euroko bonua eskuratuko da. Bareak elkartearen bulegoan daude salgai.
Merkatariei aitortza
Azken urteetan bezala, aurten ere aitortza egingo zaie urte honetan erretiratu diren merkatariei. Marisa eta Elena Yañez (Yañez bitxitegia), Jose Antonio Diez (Barrendain plazako estankoa) eta Antonio Jarit (oinetako konpontzailea) izango dira omenduak.
Haurrentzako jolas parkea
Egun seinalatu hauetan, haurrentzako ekintza bereziak ez dira faltako. Abenduaren 27an eta 28an, Gabonetako haurren jolas parkea egongo da. Antzizar kiroldegian izango da.
Egun horietan ere, txu-txu trena Beasaingo kaleetan ibiliko da.