Korosti dantza taldeak hilaren 29an egingo du Gabonetako jaialdia
'Bizirik egon bedi' izenburua jarri diote ikuskizunari dantzariek, eta euskara du ardatz. Sarrerak Kultur Etxean jaso daitezke, doan.
Korosti dantza taldeak prest du aurtengo Gabonetako jaialdia. Bizirik egon bedi du izenburua, eta hilaren 29an eskainiko du, , Urbeltz pilotalekuan, 18:30ean. Sarrerak Kultur Etxean jaso daitezke, doan, hilaren 28ra arte, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Denak ez badira agortzen, jaialdiaren egunean bertan ere egongo dira eskuragarri Urbeltzen, 17:00etatik aurrera.
Legazpiko dantzarien hitzordu handiena da Gabonetakoa, eta bertan, taldekide guztiek parte hartuko dute, 4 urtetik 46 urte bitarteko dantzariek. Zuzeneko musikak toki garrantzitsua izango du ikuskizunean, eta gonbidatu berezi batzuk ere parte hartuko dute.
Bizirik egon bedi ikuskizunaren ardatza euskara da. “Euskara euskaldunon hizkuntza da. Urteetan zehar jazarpena pairatu du eta ia desagertu da, baina zorionez euskararen aldeko herri mugimenduek (ikastolak, AEK…) indarberritu egin dute. Gaur egun, ordea, euskaldunok gara euskara hiltzen uzten ari garenak, euskara ez baita galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenez ez dutelako erabiltzen baizik!”