Lazkaoko kiroldegiaren eranskinari solairua emanda, handitze lan handiena egin dute
Lazkaon aste honetan kokatu dute barruko igerileku berria hartuko duen eremuko egitura. Hemezortzina tonako pisua duten habeak jarri dituzte. Gaur amaituko dute lanen fase hori.
Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegia handitzeko lanek urrats garrantzitsua egin dute, aste honetan. Garai bateko tenis pistaren orubean ari dira eraikin berria altxatzen, eta haren egituraren hormigoizko habea handiak kokatu dituzte.
Handitze obra 2022ko udan hasi zuten. Lehenbizi, aldagela berriak eraiki dituzte, eraikin zaharrean. Ondoren, barruko igerileku berria izango den instalazioak sortzeari ekin zioten.
Arbela zulatzeko eta erauzteko pikaketa lantsua egin behar izan da. Behin orubea prestatuta, azken hilabeteotan hasi da eraikuntza gorantz ernetzen: azpian soto bat utzi dute, eta igerilekuaren putzua eta harmailak eraiki dituzte.
18 tonako habeak
Aste honetan gauzatu dute ziurrenik obra osoko zati ikusgarriena: eraikinaren estalkitarako balioko duten hormigoizko habeak jartzea. Trailer luzeetan banaka ekarri dituzte, eta garabi handi batek altxatu ditu bere lekuraino: aurrez zutitutako zutoinen artean muntatutako euskarrien gainera.
Habe bakoitzak 18 tonako pisua du, eta hogei-bat metroko luzera. Bata bestearen aldamenean etzanda, solairua sortu dute. Guztira 24 habe jarri dituzte.
Etorkizunean, solairu horren gainean beste instalazio batzuk eraikitzeko modua badagoen arren, oraingoz maila bakarreko eraikina utziko da.
Solairu edo oraingoz teilatu funtzioa beteko duen egitura muntatzen astearte goizean hasi ziren, eta atzo arratsaldean bukatu zuten. Gaur eramango dituzte garabi handia eta plataforma altxagarriak, eta kiroldegi aurreko kalea berriro zabalduko diete ibilgailuei zein oinezkoei.
Sei kaleko igerilekua
Eraikinaren egitura eta lan mardulenak eginda, ixtea eta barrua egokitzea izango da hurrengo zeregina. Sei kaleko eta 25 metro luzeko igerilekua jarriko dute, baita sauna ere.
Azkenik, hurrengo fasean, barruko igerileku zaharra –oraindik erabilgarri dago– birmoldatuko dute, putzuaren sakonera gutxituz eta azalera txikituz, bigarren igerileku modura uzteko.
Barandiaran kiroldegiak Gabon jaietako bi asteetarako ordutegi berezia argitaratu du. Abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da. Ordiziako Majoriko zerbitzuak erabili ahalko dituzte bazkideek 24an, 31n eta 6an, 08:30etik 14:00etara. Bestetik, urtarrilaren 5ean 13:30 arte egongo da zabalik Lazkaoko kiroldegia, eta gainontzeko egunetan ohiko ordutegiarekin funtzionatuko du, bai astegunetan, bai asteburuko beste egunetan.