Gorka Erostarbe zumarragarrak ‘Egañazpi’ trikitilariari buruzko liburua idatzi du
Libururako elkarrizketatu dituen artean, Zumarragako Trikitixako Migel Urteaga dago
Gorka Erostarbe Leunda kazetari zumarragarrak Joxe Mari Urbieta Egañazpi trikitilariari buruzko liburua idatzi du. Ezink esan polita ez dela… liburua Zumarragako Lanbroa dendan eta Urretxuko Motz tabernan eros daiteke.
Erostarbe Euskaldunon Egunkarian, Eguneron eta Berrian aritu da lanean 1999az geroztik, batez ere kultura kazetaritzan. Egun, Badok.eus musika ataria koordinatzen du. Kolaborazioak egin ditu Euskadin Irratian, Entzun, Argia, Bertsolari eta Jakin aldizkarietan eta Kalegorrian kultur elkarteko kidea da.
Curriculum horrekin, ez da harritzekoa Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Egañazpiri buruzko liburua idaztea proposatzea. “Proposamena jaso nuen garaian musika zutabeak idazten nituen Berria egunkarian. Nire zutabeetan ez da trikitixa asko azaldu, baina bakarren batean Egañazpi aipatu izan dut. Bere kantaera gustukoa izan dut. Haurtzaroan trikitixa jaso nuen etxean, baina gero baztertu egin nuen. Enkargua polita iruditu zitzaidan. 2020an hasi nintzen, baina aitona-amona dezente elkarrizketatu behar nituenez, egitasmoa geldituta egon zen”.
Liburuaren ardatza Egañazpiren bizitza da, modu kronologikoan kontatua. “Bere ingurunera hurbiltzen saiatu naiz eta bidaia dezente egin ditut Urolan behera, trikitiaren terrenora. Santa Engrazi ermitaren azpian dagoen Aizarnako Egañazpi baserrian jaio zen, 1920an. Baserrian egon naiz. Bertan, bere iloba bat bizi da. Garai hartan ingurune hori eta trikiti giroa nolakoa izango zen irudikatzen saiatu naiz. Izan ere, hura izan da trikitiaren bihotza. Oihartzuna izan zuen eta diskoak atera zituen lehen trikiti bikotea Zumarragako Trikitixa izan zen, baina trikitixa baserriz baserri Urola Erdira iritsi zen eta han oso ondo egonkortu zen. Hango trikitixa baserri auzoetako erromerietako musika izan da eta Zumarragakoa herrigunekoa”.
Bigarren Mundu Gerra ostean Zumarrgako Trikitixa eta Sakabi eta Egañazpi ziren trikitilari ospetsuenak. Beraiek bakarrik ateratzen zituzten diskoak. “Beraien arteko pikea zegoela esan izan da, baina Migel Urteagak pikerik ez zutela esan dit. Oso zirkuitu ezberdinak zituztela eta oso ondo konpontzen zirela. Zumarragako Trikitixak trenbideko herrietan jotzen zuen batik bat eta Sakabik eta Egañazpik Urola inguruko auzo eta baserrietan. 1963an Suediako telebistak Euskal Herriari buruzko dokumental bat egin zuen eta Zumarragako Trikitixa Euxebio tabernan grabatu zuen eta Sakabi eta Egañazpi, berriz, Aiako erromeria batean grabatu zituen”.
Baina Egañazpik Zumarragan ere jo zuen. “Santa Lutzi feria asko gustatzen zitzaion eta ahal zuen guztietan etortzen zen jotzera. Bere semearekin gutxitan jo zuen, baina berarekin jo zuen horietako bat Santa Lutzi egunean izan zen. Gainera, azkeneko plaza hemen egin zuen, 1993an. Oriatarrekin behin baino gehiagotan jo zuen eta liburuko argazkietako batean Zendoia eta Egañazpi Oriatarrekin ageri dira, trenbidearen ondoan”.
Erostarbek bost elkarrizketa jaso ditu liburuan: Migel Urteaga Oria, Ramon Zubizarreta Landakanda, Mailu Sudupe Egurrola, Martin Aginagalde eta Luis Astiasarani egindakoak. “Landakanda historikoetako bat da. 2021ean, 88 urte zituenean, berarekin egoteko aukera izan nuen. Sasoiko zegoen eta asko gogoratzen zuen Egañazpi. Handik gutxira hil egin zen. Seguru aski, bere azken elkarrizketa izango da. Suduperi dagokionez, 13 urte zituenean Sakabi eta Egañazpiri Usurbilen egin zitzaien omenaldian parte hartu zuen. Ondorengo 50 urteetan ez zen plazara atera, emakumeek zailago zutelako. Duela bi urte, San Jose egunean Azpeitian egiten den jaialdian, omenaldia egin zioten”.
Elkarrizketatu guztiek Egañazpiren ahotsa azpimarratu dute. “Belarri izugarria zuen. Ikasi gabekoa zen, baina notak segituan harrapatzen zituen eta edozein gauza abestu zezakeen. Sakabi eta Egañazpi aitzindariak izan ziren horretan. Fandangoaz, arin arinaz eta porrusaldaz gain, kantatzeko egokiak ziren gainontzeko kantak abesten zituzten: pasodobleak, balsak… Joxe Mari Iriondok Egañazpik bertso luzeak kopla motzak baino nahiago zituela aipatzen du, luzitzeko egokiagoak baitziren. Baxutik abesten zuen batez ere, baina diskoetan baxua eta altua berak abesten zuen. Ahalmen izugarria zuen. Eta trikitian ohikoa ez zen malenkonia. Trikitian altu abesten zuten eta berak ez”.
Berezitasun horrek musikari askoren arreta piztu zuen. “Urolan behera egindako bidaia horietako batean, Azkoitian gelditu nintzen Juan Carlos Perezekin hitz egiteko. Atlantic river diskoko abesti batean Egañazpi aipatzen du: Ezink esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen… Egañazpiren kantak ezagutzen nituen, baina ez nekien zein zen. Juan Carlos Perez entzun nuenean jarri nuen arreta lehenengoz. Perezek 1970eko hamarkadan pop eta rock talde angloak gustatzen zitzaizkiola, baina Egañazpiren ahotsak arreta deitzen ziola esan zidan. Trikitixarekin lotzen ez zuen ahots bat zuela. Ezink esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen… Van Morrisonen disko batetik atera zuen. Morrisonek Frank Sinatragatik esan zuen”.
Ahotsaz gain, beste berezitasun batzuk ere bazituen. Urte asko eman zituen Sakabi soinujolearekin, baina afizio izugarria zuen eta Sakabik utzi zuenean beste batzuekin jarraitu zuen. “Belaunaldi gazteagoekin ibili zen. Lajarekin, Zendoiarekin eta Astiasaranekin jo zuen. Astiasaran bera baino askoz ere gazteagoa zen. Berarekin izan zuen harremana oso polita izan zen. Apopilotzat hartu zuen. Azken urteak berarekin ibili zen”.
2006an hil zen. Bukaera tristea izan zuen. “Bera eta emaztea Jehovaren lekukoak egin ziren eta horrek trikitia pixkanaka alboratzea ekarri zuen, Jehovaren lekukoek ez baitute festarik ospatzen. Zestoako kultur etxeko azken agurrean ez zieten lagunei trikitixa jotzen utzi”.
Azkeneko piezak 1994an grabatu zituen, bere iloba Martin Aginagalderekin. “Polita izan zen, 15 urtez haserre egon baitziren. Izan ere, 1979an osaba-ilobek Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten. Saria Argentinara bidaia zen, baina Martinek osabari ez zela joango esan zion eta lagun batekin joan zen. Gaztea eta parrandazalea zen, ez zuen bere burua osabarekin bidaiatzen ikusten, eta lagun batekin joan zen. Osaba, jakin zuenean, haserretu egin zen. 1994an Martinek Kepa Junkeraren Betiko trikitixa bildumarako kanta batzuk grabatzea proposatu zion osabari eta honek baiezkoa eman zion”.
Pieza horiek eta beste asko (tartean Astiasaranekin grabatutako sei kanta orain arte ezezagun), liburuarekin batera argitaratu duten CDan entzun daitezke. “Fox-a izenekoa oso polita da. Izan ere, bere berezitasunetako bat, malenkoniaz gain, pieza instrumentaletan ahapetik abesten zuela da: tararara-raraaaa, tararara-raraaaa… Kantu horretan hori entzuten da. Bestalde, mikrofonoa jarri zietenean, hankarekin erritmoa eramaten zuen bateria balitz bezala. Abestia janzten zuen. Artista zen”.