Urte amaieran zazpi San Silvestre Goierrin
Goierrin zazpi San Silvestre lasterketa jokatuko dira Urtezahar egunean, irabazleentzat sari handiak eskainiz. Beasainen eta Zegaman, sona handiko probetarako dortsalak zozkatuko dituzte gainera.
Mundu osoan zehar dago zabalduta urtea korrika eginez amaitzeko ohitura, eta abenduaren 31 San Silvestre eguna denez, izen bera ematen zaie kirol proba horiei.
Goierrira ere aspaldi iritsi zen ohitura hori, eta gaur egun zazpi herri dira lasterketa horiek antolatzen dituztenak. Beteranoena Beasaingo San Silvestrea da, aurten 48. edizioa betekoa duena, eta berriena, Legazpikoa, bere 5. edizioarekin.
BEASAIN
Beti Bizi Elkarteak antolatutako Beasaingo 48. San Silvestrerako Internetez bakarrik eman daiteke izena, Kronoak.com eta Beasain.eus webguneetan. 14 urtetik gorakoentzat da, eta hamar euro ordaindu behar da. Hilaren 29a da azken eguna. Txipak eta dortsalak udaletxeko sarreran jaso beharko dira hilaren 31n 09:30-11:30 bitartean.
Proba 12:00etan hasiko da, eta sari banaketa 13:15ean izango da, Erauskin plazan. 10:00etan San Silvestre txikia jokatuko da.
Sari handiak banatuko dira: emakume zein gizonezko irabazleek 1.200 euro jasoko dituzte, bigarrenek 900, hirugarrenek 600, laugarrenek 300 eta bosgarrenak 250… Lehen hamabostentzat egongo da diru saria. Gainera, Goierriko bi Handiak (G2H) eta MariMurumendi Maratoirako bi dortsal zozkatuko dira partaide guztien artean.
LAZKAO
Lazkaoko San Silvestre krosarena XI. ekitaldia izango da, eta urtero bezala, Tri-Antzar korrikalari taldeak antolatu du, udalaren babesarekin. Plazan abiatu eta amaituko da.
Bi saio izango dira. Lehenik, 14 urtera arteko haurren probak jokatuko dira, 11:30ean hasita. Proba nagusia 12:30ean hasiko da, bost kilometroko ibilbidearekin, Lazkaoko kaleetan zehar.
Izen-ematea hilaren 29ra arte dago zabalik Kronoak.com webgunean, doan. Hilaren 30ean eta 31n izena emanez gero, ordaindu egin beharko da: 10 euro helduek eta 5 haurrek.
Parte hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari, «Kirola, irria, herria» aurtengo leloarekin. Kamisetak hilaren 30ean (11:00-13:00) eta hilaren 31n bertan jaso ahal izango dira.
LEGORRETA
Legorretako San Silvestre krosa 31. urtez egingo da aurten, Aldapa Haundi, Bilkoin eta Jota-Kea elkarteek antolatuta. 12:00etan hasiko da plazan, eta adinaren arabera, luzera desberdineko lasterketak izango dira.
Izen-ematea egunean bertan egingo da, doan. Sari ugari izango dira: lasterketa bakoitzeko lehen sei sailkatuentzat, eta Legorretako lehen emakumezko eta gizonezkoentzat. Partaideentzako opariak ere izango dira.
URRETXU-ZUMARRAGA
Plazaola Urola triatloi klubak antolatu du Urretxu-Zumarragako 6. San Silvestre kros mistoa. Korrikalariek 2,5 kilometroko bi itzuli egin behar dituzte, 17:30ean hasiko den lasterketan.
Proba parekidea izatea nahi du klubak, eta emakumeen partaidetza indartzea.
Izen-ematea, egunean bertan egin daiteke 10 euro ordainduta, eta aurretik www.herrikrosa.eus webgunean (8 euro). Lasterketaren ondoren, opariak zozkatuko dituzte partaideen artean.
LEGAZPI
Aurtengoa, Legazpiko San Silbestre probaren 5. edizioa izango da. 17:00etan abiatuko da Kale Nagusitik, eta partaideek 4,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, herriari bi buelta ematen dion zirkuituan zehar.
Lasterketa honek 250 partaideko muga du, eta izenak emateko epea irekita dago www.kronoak.com webgunean, hilaren 30eko 24:00ak arte. Izen-ematea pertsonako 6 euro izango da, eta 12 euro bikoteka eginez gero. Egunean bertan ezin izango da izenik eman.
Sari ugari izango dira: lehen, bigarren eta hirugarren emakumezkoak eta gizonezkoak, lehen bikotea, legazpiarrez osatutako lehen bikotea, lehen emakumezko eta gizonezko legazpiarrak, eta mozorro onena. Gainera, opariak zozkatuko dituzte partaide guztien artean.
ZEGAMA
Elkartu Nahi kirol elkarteak antolatut du Zegamako San Silbreste probaren 9. edizioa. 5.250 metroko ibilbidea izango du, eta 17:30ean hasiko da. Umeentzako lasterketa 17:00etan izango da.
Proba nagusirako izena www.rockthesport.com webgunean eman daiteke aurrez (10 euro), baita egunean bertan ere (15 euro). 350 plaza daude.
Lehen hiru sailkatuentzako sariak egongo dira, eta kanpotarren artean Zegama-Aizkorri mendi maratoirako hiru dortsal zozkatuko dituzte. Probaren marka ontzen duenarentzat ere 100 euro sari berezia egongo da (gizonezkoetan 16:31 da, eta emakumezkoetan 18:48).
ORDIZIA
Txindoki Atletismo Taldeak eta udalak antolatuta, Ordiziako 46. San Silvestre-Jose Manuel Caballero 20. Memoriala jokatuko da, 18:30ean. 17:00etan hasita, umeen probak izango dira, mailaka.
Proba nagusiak 6.325 metroko luzera du, zirkuitu bati hiru bira emanda. Izena aurrez eman behar da, doan, Kronoak.com webgunean, hilaren 30ra arte. Egunean bertan ezingo da izenik eman.
Urtero bezala, proba amaitzen duten guztiei domina bat oparituko zaie, aurten Maialen Barbadillok egindako diseinuarekin.