Iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Goierrira
Iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Goierrira. Hainbat plaza bete dituzte haurrez, ilusioz eta irribarrez gaur goizean. Arratsaldean ere beste zenbait tokitan izango dira.
Iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Goierrira. Hainbat herritarko plazetan elkartu dira herritarrekin, batez ere goierritar txikienekin. Haurrak izan dira gehienbat bertara gerturatu direnak, gutunak eskuan eta irribarrea ahoan. Ilusioa izan da nagusi gaurkoan eta jendez betetako plazetan ederki ibili dira txikiak haien eskakizunak egiten ikazkinari.
Beasainen, 12ak aldera iritsi dira plazara. Mari Domingik hitz egin du Beasaingo San Martin plazako kioskotik, mikrofonoa eskuan, eta bertaratu diren haurrengana umoretsu eta alai zuzendu da une oro, txintxo porta daitezen, esker onekoak izan daitezen eta abar esanez. Ondoren, Olentzero eta Mari Domingiri abestu diete haurrek eta amaitzeko ‘Hator Hator’ abestu dute guztiek elkarrekin. Dantza ere egin diete haurrek gaurko protagonistei. Jarraian, plazako arkupean prestatutako txokora joan dira, haurrak haiengana joan daitezen, hitz egitera eta argazkiak ateratzera.