Harrikalari txikiek dibertsiorako tartea izan dute gabonetako parkean
Ormaiztegin gabonetako parkea izan dute Zubipe kiroldegian eta jende ugari gerturatu da goizean zehar bertara. Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara irekita egongo da baita ere.
Gabonak iritsi eta guztia bustitzen dute. Herri zein auzo guztiak, etxeak eta adin guztietako pertsonengana iristen dira. Hala ere, adin guztiak bustitzen baditu ere, nabarmena da haurrek ilusio bereziz bizi duten garaia dela. Olentzero, opariak, kantuak, lagunak, familia, txolokate asko eta dibertsio gehiago. Haurrentzat horren berezia den garai honetan haientzako bereziki prestatutako gauza ugari daude eta horien artean, haurren gabonetako parkeak daude.
Herri desberdin ugaritan izango ditugu parke hauek Goierrin. Dibertsiorako eta alaitasunerako espazio izango dira egun hauetan eta herrietako frontoi eta plazetan ikus ditzakegu. Ormaiztegiren kasuan, harrikalari txikiek abenduaren 26a dute dibertsiorako gorriz markatuta egutegian. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izan dute goizeko txanda parkean eta arratsaldean, berriz, arratsaldeko 16:00etan irekiko ditu berriro ateak Zubipe kiroldegian kokatutako parkeak, arratsaldeko 18:00ak arte.
Denetariko jolasak izan dituzte, gustu guztietarako. Baziren giza-futbolina, puzgarri desberdinak zein kirolerako txokoak. Horrez gain, aurten berezia izan den makina bat ere izan da bertan, ilara dezente izan dituena goiz osoan zehar. Haurrak hainbat barraz osatutako esfera batean lotzen dira eta birak ematen dituzte bertan. Bereziena izanik, jende gehien ibili den tokia izan da hau. Hala ere, ohiko puzgarrietan zein giza-futbolinean ere goiz osoan zehar aritu dira jolasean Ormaiztegiko txikiak.
Arratsaldean ere beste horrenbeste gerturatuko dira bertara eta jolas hauez gozatzeko aukera izango dute. Hurrengo egunetan, Goierriko herri desberdinetan izango dira horrelako parkeak, hala nola, Ordizian, Zegaman, Urretxun edota Zumarragan.