Ordizia azoka bilakatuta
Ordizian herria azoka bilakatu dute gabonetako azoka bereziarekin. Jende ugari ibili da goiz osoan zehar postuz postu. Horrez gain, urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei omenaldia egin diete.
Asteazkenero bezala, gaurkoan ere azoka izan da nagusi Ordiziako plazetako zutabeen artean. Hala ere, gaurkoan plazatik atera eta herri osoa hartu du azokak zein bertako giroak. Gabonak aitzakia hartuta eta opor egunak aprobetxatuz, herri osora zabaldu dute, postuz betez bazterrak. Denetariko produktuak izan dira bertan, hasi barazkietatik, beste jaki batzuetara, izan eztia, foie-grasa, gazta, ogia eta abar; eta eskuz eginiko produktuetara. Jende ugari ibili da goiz osoan zehar, goizeko 9etatik hasi eta eguerdira bitarte.
Eguneko protagonistetako bat gazta izan da, zehazki, Idiazabal izendapeneko gazta. Hau hala izanik, urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei omenaldia egin diete eta merezitako errekonozimendua jaso dute haien sariengatik.