Turrientes eta Zubizarretarentzat Beasaingo Kirol Sarietako ohorezko sariak
Turrientes eta Zubizarreta izan dira 2023ko Beasaingo Kirol Sarietako ohorezko sariak jaso dituzten kirolariak. Beste hainbat beasaindar pasa dira gaurkoan Igartzako Jauregiko oholtzatik aipamenak jasotzera.
2016.urteaz geroztik Beasaingo Udalak Beasaingo Kirol Sariak antolatu dituzte eta herritarren bozkak jaso ondoren, zerrenda bat osatu eta heriko kirolariak saritu dituzte. Urtero legez, sari nagusia norentzat den ez dute aipatu galaren amaierara arte. Hasteko, sarrera moduko bat egin du aurkezleak eta Leire Artola alkateari eman dio hitza. Artolak aipatu du sari hauek herriko kirolariei «errekonozimendua» emate aldera egiten direnak direla eta haien «esfortzua» eta «gogoa» azpimarratu ditu.
Behin hau esanda, aipamenekin hasi dira. Aipamenen artean denetariko kirolariak izan dira: futbolariak, padel jokalariak, errugbilariak, mendi lasterkariak, pilotariak eta abar. Bestalde, kirolariez gain, kirol jardueretan garrantzitsuak izan direnak ere izan dira bertan, adibidez, fisioak zein lasterketetan bolondres lanetan aritu direnak. Esker hitzak izan dira kirolari guztien ahotan eta «ingurukoak» izan dituzte gogoan gehienek.
Amaieran, udal sariak eman dituzte. Babeslearen Udal saria ‘Bikain altzariak’ek eraman du. Kirol ekitaldiena, berriz, Bealak taldeak eraman du, aurten 12.aldiz antolatu duten errelebo lasterketa dela eta. Ondoren, gaueko sari potoloenetara jo dute, kirolari onenen sarira. Gizonezkotan Beñat Turrientes Imaz Errealeko lehen mailako jokalaria izan da garailea eta emakumezkoetan, berriz, Irati Zubizarreta Armendariz mendi lasterkaria izan da nagusi. Turrientesek saria jasotzean ingurukoak izan ditu gogoan, batez ere, duela urte batzuk zendu zen aita; eta hari eskaini nahi izan dio Beasaingo Kirol Sarietako sari nagusia ere. Ingurukoak gogoan, «esfortzua» eta ibilbidearen «zailtasuna» izan dira azpimarratu dituenak, baina «pozez» eta herriak egindako errekonozimenduaren «harrotasunez» hitz egin du une oro.
Zubizarretak, berriz, «errekonozimenduaren» garrantzia azpimarratu du eta askotan unean bertan egiten ari denaz «konturatu ez arren» horrelako ekitaldiak egindakoa «gogoratzeko» eta esfortzu horri benetan merezi duen «errekonozimendua» emateko oso egokiak direla adierazi du.