Legazpin Irene Paredes futbolaria omendu dute
Legazpiarrek Irene Paredes futbolariari omenaldia egin diote. Lehenengo udaletxe parean elkartu dira eta ondoren, futbol zelaira joan dira, bertan amaitzeko omenaldia.
Irene Paredez (Legazpi, 1991) futbolari profesionala da. Bartzelonako taldean jokatzen du eta Espainiar Estatuko Selekzioarekin ere ibiltzen da. Aurtengo urtean, gainera, munduko txapeldun izan da selekzio honekin. Gaurkoan Legazpiarrek omendu egin nahi izan dute bere ibilbideagatik eta azken urteko lorpenagatik.
Goizeko 11:00etan elkartu dira herritarrak udaletxe parean eta bertako aretoan egin diote omenaldia. Eric Galvez alkateak eman dio hasiera ekitaldiari. Legazpiren izena «munduan zehar» zabaltzea eskertu dio Galvezek Paredesi. Hitz batzuen ondoren, txapela eman diote omenduari protagonistak berak hartu du hitza, «eskerrak emanez» eta emozioz hitz egin dio familiari, «alboan izan dituela beti» azpimarratuz. Ondoren, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak hitz egin du. Bere ibilbideagatik «zoriondu» du Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenan eta «aitortza egin nahi izan dio». Nelson Mandelaren hitzak ekarri ditu Mendozak: “Kirolak hesiak apurtzeko balio du eta pertsonara gerturatzeko”. Horrez gain, «esfortzua» eta «lana» jarri ditu arrakastaren «oinarri» gisa. Jarraian, udaletxeko balkoian herritarrengana zuzendu da, eskerrak emanez udalari eta «batez ere» herriari. Bere herrian «horrelako omenaldi bat» izatea «sekulako oparia» dela adierazi du. Bere ibilbidearen hainbat gako eta inflexio-puntu azaldu ditu eta erabat hunkituta amaitu du hitzartzea.
Behin udaletxeko ekitaldia amaituta futbol zelaira joan dira, txaranga-hotsak lagunduta. Bertan, haurrek bertsoak eskaini dizkiote, dantzariak ere izan dira. Urolaren eta Ilintxaren arteko lagunarteko bat ere izan dute, baita sorpresa ugari ere.