Gabiriarrak nagusi giza-probako desafioan
Urretxuk eta Gabiriak indarrak neurtu zituzten atzo iluntzean, giza-proban. Gabiriarrak gailendu ziren, gutxigatik, eta jende ugari hurbildu zen Gabiriako plazara desafioa ikustera.
Urretxuk eta Gabiriak indarrak neurtu zituzten atzo iluntzean Gabirian egindako desafioan. Giza-proban izan da desafioa. Arratsaldeko 19:00etan eman diote hasiera. 15 minutuko tiraldiak izan ditu talde bakoitzak.
Urretxuko taldean Joanes Izagirre, Xabier Azkarate, Iñigo Lasa, Mikel Legarra, Kepa Telleria, Pablo Lopez, Markel Telleria eta Ander Izagirre izan dira gaurko lehiakideak. Txanponaren beste aldean, berriz, gabiriarren taldean, Patxi Ormazabal, Anartz Agirre, Jon Agirre, Beñat Maiz, Eneko Aramendi, Endika Igartzabal, Josu Ibarguren legazpiarra eta Mikel Etxezarreta olaberritarra aritu dira.
«Esfortzua» eta «kontzentrazioa» ezinbestekoak izan dituzte bi taldeek. Plaza kopuru antzekoa egin dute bi taldeek. 43 plaza egin dituzte osorik bi taldeek, baina gabiriarrei 44.plaza osatzeko bi metro falta zitzaizkien eta urretxuarrei, berriz, 7, beraz, 5 metroko desberdintasunarekin gailendu zen Gabiriako taldea. Gabiriarrek adierazi dutenaren arabera «gustora» geratu dira egindako lanarekin, baina «nekatuta». Hala ere arratsalde «polita» izan da eta jende asko bildu da Gabiriako plazan, hau ikuslez betez.