Luis Mari Perez 'Pitxin' urrretxuarra omendu dute
Senitartekoek eta lagunek Luis Mari Perez Pitxin urretxuarra omendu dute gaur arratsaldean Jose Mari Lasa plazan. Iñaki Mendiarazek eta Jesus Mari Dominguez Bullik txalaparta jo dute, Amaia Iturriotzek eta Gorka Azkaratek bertso batzuk abestu dituzte, Azkaratek Perezen omenezko testu bat irakurri du, Lurra taldeko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute, Goierri elkartearen sail ezberdinetako ordezkariek familiari lore sortak oparitu dizkiote eta Iñigo Peñagarikanok eta Juan Luis Aranburuk Xalbadorren heriotzean jo dute. Bertan bildutakoek beraiekin abestu dute.
Perez abenduaren 8an hil zen. Herriaren alde egindako lanagatik, baina batez ere bere jatortasunagatik ezaguna. Lanbidez anbulantzia gidaria izan zen eta iazko udaberrian hartu zuen erretiroa. Gaitzen bat zutenen gidari kuttuna zen eta Nagore eta Asier seme-alabek bere bidea jarraitu dute: biek anbulantzietan lan egiten dute, larrialdietan.
Herrigintzan, Perezek Goierri kirol elkartean eta San Martin eguneko festan lan egin zuen, besteak beste. Urtarrilaren 1ean Irimon egiten den festan ere laguntzen zuen eta, hala, biharko ekitaldian ere Pitxin gogoratuko dute.