Errege Magoentzako gutun bilketa ostegunean egingo dute Legazpin, Azokan
Korosti dantza taldeak antolatu du gutun bilketa, baita ostiral iluntzeko Errege Kabalkada ere. Kabalkada 18:00etan aterako da Bikuña kiroldegi ondotik, eta bertan parte hartu nahi dutenek 17:00etarako joan beharko dute hara.
Iaz ere bildu zituzten Erregeentzako gutunak Legazpin. ARGAZKILARIA: Tere Madinabeitiai Legazpin, ostegun arratsaldean bilduko dituzte Errege Magoentzako gutunak. Gaspar, Meochor eta Baltasarren laguntzaileak Azokan izango dira 18:00etatik 19:30etara, Korosti dantza taldeko kideek gonbidatuta, haurren gutunak jasotzeko. Ohi bezala, gaztaina erreak banatuko dituzte itxaronaldia goxatzeko.
Korostik antolatu du, baita ere, ostiral iluntzeko Errege Kabalkada. Aurten 18:00etan aterako da Bikuña kiroldegitik, eta bi geldialdi egingo ditu ibilbidean, lehena Laubide auzoko kale nagusian, eta bigarrena Euskal Herria plazan. Bietan dantzarako tartea hartuko dute dantzariek. Amaiera plazan izango da, eta bertan, udaletxeko atarian, jaiotza egongo da jarrita. Agurrak amaitutakoan, udaletxeko balkoira irtengo dira erregeak.
Kabalkadan parte hartu nahi duten legazpiarrek kiroldegira joan beharko dute 17:00etarako. Bestalde, ibilbidea n zehar opariak banatzea nahi dutenek, kiroldegira eraman beharko dituzte 16:00etatik 17:30etara bitartean.












