Ataun medikurik gabe geratuko dela eta, sinadura bilketa hasi dute
Kezka eta haserrea adierazteko, Osasun Sailari idatzi bat bidaliko dio Ataungo Udalak, herrian mediku zerbitzua izatea «ezinbestekoa» dela agiri ofizial baten bidez exijitzeko.
Herritarrentzako lehen osasun arreta zerbitzuaren gabeziez kezkatuta, eta aurki egoera larritu daitekeen beldurrez, Ataungo herritar talde batek sinadura bilketa hasi du. Udan ere altxatu zuten alarma ahotsa, opor garaian mediku zerbitzurik gabe geratu zelako udalerria bolada batean. Gabonetako oporraldian ere egoera errepikatu egin da.
Mediku zerbitzuaren egoera Ataunen «oso larria» dela iritzi diote, eta urtarrilaren 15etik aurrera «oraindik larriagoa» izango dela aurreratu dute.Udalak ere bat egin du eskariarekin eta aldarriarekin.
«San Gregorioko medikua beste herri batera doa, eta batere medikurik gabe geratuko gara», ohartarazi du udalaren idatziak. Medikurik gabe geratze hori «luzerako» izan daitekeela ere gehitu dute.
Azken urteetan herriko osasun zerbitzuak «okerrera» egin duela baloratu dute. «Medikuren batek baja edo oporrak hartzen dituenean, ordezkorik bidaltzen ez dutenez, ohikoa bihurtu da mediku bakarra izatea herri guztirako, edo batere medikurik gabe geratzea».
Hala, San Martingo medikuak baja hartu zuenetik, Ataun osorako mediku bakarra aritu da orain arte, San Gregoriokoa.
Luzerako izan daiteke
Ataungo osasun zentroen arduradunarekin hitz egin dute, baina hark ere ez daki ordezkorik bidaliko dieten, eta noiz, behin San Gregoriokoa hil honen erdialdera joaten denean.
«Esan digute ez dakitela noiz arte egongo garen medikurik gabe, baina egoera nolakoa den ikusita, litekeena dela luzatzea eta medikurik gabe egon behar izatea denboraldi batean». Kezka eta haserrea adierazteko, Osasun Sailari idatzi bat bidaliko dio Ataungo Udalak, herrian mediku zerbitzua izatea «ezinbestekoa» dela agiri ofizial baten bidez exijitzeko.
Herritar talde honek sinadurak bilduko ditu, eta herritar guztiei eskatu diete babesa. Udalak ere bat egingo du.