CAFek 130 milioi euroko kontratua lortu du Erroma tranbiaz hornitzeko
Berrogei tranbia diseinatu eta fabrikatzea eta bost urtez mantentzea barne hartzen ditu kontratuak. Madrilgo eta Berlingo autobus flotak hobetzeko kontratuak ere sinatu ditu.
CAF enpresak Erromako (Italia) tranbien flota berritzeko 130 milioi eurotik gorako kontratua lortu du Atac operadorearekin. 40 tranbia diseinatu eta fabrikatzea, eta hurrengo bost urteetako mantenua barne hartzen ditu kontratuak.
CAF enpresak jakinarazi duenez, akordioa zabaltzea posible da. Momentura arte akordatu direnak baino 81 ibilgailu gehiago egiteko eskaera jaso dezakete, hala, 400 milioi eurotik gorakoa izan daitekeelarik operadore italiarrak kontratuan ezarritako aukera guztiak gauzatzen baditu.
Erromako metropoli eremuko garraio publikoaren ardura du eta Udalaren jabetzakoa da Atac operadorea, eta tranbia sareaz gain, Erromako metroaren hiru lineak, aldirietako trena eta hiriko autobus eta trolebus lineak ere kudeatzen ditu.
Europak finantzatuta
Atac operadoreak Europako finantziazioa jasoko du, gaur egun sareko sei lineetan zerbitzua ematen duten flotako unitate zaharrak ordezkatzeko eta, bide batez, laster eraikitzea aurreikusi duen linea berrietarako tranbiak erosteko.
CAFek diseinatutako unitateak Urbos tranbia-plataformakoak dira. Horrelako 1.000 ibilgailu baino gehiago ditu zerbitzuan enpresak kontinente guztietan.
Beasaingo konpainiak zehaztu duenez, bost moduluz osatutako tranbiak izango dira, eta OESS (On Board Energy Storage Systems) sistemarekin parekatzeko prest egongo dela da haren ezaugarri nagusia. sistema horri esker, katenariarik gabeko tarteetan lan egin ahal izango da, eta horrela, inpaktu bisual txikiagoa lortuko da Italiako hiri historikoan eta eraginkortasun energetiko handiagoa».
100 autobus elektriko
Madrilgo eta Berlingo autobus flota berritzeko kontratuak ere lortu ditu CAF taldeak. Bi kontratu hauei esker, 100 autobus elektriko egingo dituzte, 70 milioi euro baino gehiago suposatuko duena.
Berlinerako adostutako hitzarmenaren kasuan, garrantzi berezia izango du; izan ere, esparru- kontratua da eta unitate kopurua 700 autobuseraino irits daiteke.