Ormaiztegiko Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua onartu du
2023an baino ia 150.000 euro gehiagoko aurrekontua izango du. Zerbitzuak eta ongizatea mantentzea ditu helburu. Trantsizio urtea izango da Ormaiztegirentzat.
Ormaiztegiko Udalak 1.733.462,48 euroko aurrekontua izango du 2024an. Iazkoarekin alderatuta «ia 150.000 euroan» hazi da udal aurrekontua Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak aurreratu duenez. Abenduaren 26an egin zuten ez ohiko osoko bilkuran onartu zituzten urte berrirako aurrekontuak.
Enrikek aipatu duenez, «aurrekontu orekatua» da, «zerbitzuak eta komunitate ongizatea mantentzea» helburu dituena. Ez da proiektu handirik aurreikusten 2024rako, «sukaldeko lanak» izango dira gehienak, baina 191.763,52 euro aurreikusita daude inbertsioetarako.
Gastuetara bideratutako partidak gora egingo du 2024an, «zerbitzu guztiak garestitzen» ari direlako; komunitate ongizatearen baitan dauden kale garbiketa edo zabor bilketa zerbitzuak esaterako. «Kale garbiketako enpresan lan hitzarmen berria sinatu dute eta gorakada nabarmena izan da» , dio Enrikek. 318.000 euro gastatuko dituzte orotara. Zabor bilketaz arduratzen den Sasieta enpresak ere «%5,3ko igoera aurreikusi du» aurten.
Gizarte eta hezkuntza zerbitzuei, zein herriko elkarte edo norbanakoei ematen zaizkien diru laguntzei dagokionean, diru partidak mantentzearen alde egin dute. «Lehen mailako gizarte laguntzetara 70.000 euro bideratuko dira eta diru laguntzak mantendu egingo dira gizarte, hezkuntza, kultur edo kirol arloetan».
Kultur eskaintzari lotutako diru partidak, aldiz, gora egingo du «137.000 eurotik 153.000 eurora», batez ere herrian ospatzen diren jaiei eta ekintza kulturalei begira.
Inbertsioetan gastuak gora
2024an proiektu handirik burutuko ez den arren, inbertsioetara bideratutako gastua «ia bikoiztu» egingo da aurten, «191.763,52 euro guztira». Inbertsioen atalean etorkizunean Ormaiztegirentzat garrantzitsuak izango diren bi proiektu handiren azterlanak azpimarratu ditu Enrikek, «geltokia eta Muxika eremua» aintzat hartuko dituenak. Herrigunetik geltokirainoko bidea irisgarriagoa egitea da Ormaiztegik duen erronka nagusietako bat. Horretarako azterketa tekniko bat gauzatuko da. Muxika eremuan etxebizitzak egiteko proiektua behin atzera botata, «herrian integratuko den parke bat» egin nahi du udalak. Orain, nola egin aztertu behar da.
Gainontzean, udal komunikazioa hobetze aldera informazio panel jarriko da (17.972 euro). Kaleak eta baserri bideak konpontzeko 41.698,65 euroko partida aurreikusi da. Herri eskolako haur hezkuntzako (31.500,88 euro) eta haur eskolako eraikinetan (27.081,53 euro) aerotermia sistema jarriko da eta zoru eta sabaietan konponketak egingo dira.
Parkea berritzeko lanak
Udal eraikinetako argiteria sistema aldatzeko 18.150 euro aurreikusi dira eta sarrailen digitalizazioarekin hasteko 13.000 euro. Bizikletak garbitzeko gune berri bat jarriko da bidegorrian (5.000 euro) eta herriguneko parkea berritzeko 3.767,94 euro bideratuko dira. Lorezaintzan 10.602,52 euro gastatuko dira, herrigunean hainbat zuhaitz berri landatuko dira, eta igerilekuan belardia handituko da.