Palestinarekin Elkartasuna dinamikak manifestazio nazionala antolatu du urtarrilaren 27an, Ordizian
Mendebaldeko gobernuen eta erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen konplizitatea salatu nahi dute, "bereziki, CAF enpresarena".
Palestinarekin Elkartasuna dinamikak prentsaurrekoa egin du urtarrilaren 27an Ordizian antolatu duten manifestazio nazionala iragartzeko. Azaldu dutenez, manifestazioa San Bartolome auzotik abiatuko da, 12:00etan, “mendebaldeko gobernuen, erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen (Sener, Carrefour) konplizitatea salatzeko, bereziki, CAF trenbideen euskal enpresarena”. Prentsaurrekoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egitea erabaki dute, izan ere, aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio urtarrilaren 12an Andres Arizkorretari (Donostia, 1956), CAFeko egungo presidenteari.
Dinamikako kideen arabera, CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen dute (JLR ingelesez). “Tranbia horrek hiria Israelen legez kanpoko koloniekin lotzen du Palestinako Lurralde Okupatuan”, nabarmendu dute prentsaurrekoan.
Proiektu hori “legez kanpokoa” dela adierazi dute: “Proiektu horrek, palestinarren jabetzak konfiskatu, lurralde palestinarra erantsi, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak lekualdatu eta kolono sionistak Palestinako Lurralde Okupatura transferitzea ahalbidetzen du”.
Salatu dutenez, erakunde sionistak “nazioarteko komunitatea deritzon eta CAF bezalako enpresen konplizitateari esker baino ezin du mantendu palestinarren aurkako okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimena”.
Albistea osoa Irutxuloko Hitzan irakur daiteke.