Nerabeentzako Zerbitzuaren eguna da bihar Legazpin
Herriko 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako zerbitzuak 20 urte bete ditu urtarrilaren 2an, eta legazpiar guztiekin partekatu nahi dute ospakizuna. Argazkiak jarriko dituzte ikusgai udaletxe inguruan, eta pintxoak banatuko dituzte.
Urtarrilaren 2an 20 urte bete ditu Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak, eta urte osoan zehar zabalduko diren ospakizunekin hasita daude herriko gaztetxoak eta zerbitzuko hezitzaileak.
Aste honetan, asteazkenetik ostegunera bitartean Gazte-txokoan gaubela egin eta gero, bihar legazpiar guztiei zabalduko dizkiete urteurrenaren ospakizunak, eta Nerabeentzako Zerbitzuaren Eguna izendatuta, erakusketa bat jarriko dute ikusgai udaletxearen eta parrokiaren arteko kalean. Bertan, zerbitzuaren 20 urteko ibilbidearen errepasoa egiten duen argazki erakusketa egongo da ikusgai, eta zerbitzuak nerabeentzat zer esan nahi duen azaltzen duen materiala ere erakutsiko dute. Gainera, pintxoak banatuko dituzte. Legazpiarrei zerbitzuaren berri eman nahi diete horrela.
Egun honekin, Gabonetan zer? lelopean burutu duten ekintza sorta itxiko dute. Txango, festa eta bestelakoen artean, urteurrenak toki esanguratsua izan du ekintza horietan. Hala, talde batek Gazte-txokoko hormak margotu ditu urteurrena gogoratzeko irudiak txertatuz, eta bideo bat ere osatu dute. Bideoak 20 urte, mila istorio du izenburua, eta sare sozialetan partekatu dute. Bertan, zerbitzuak izan duen bilakaera ikusi daiteke.
Nerabeentzako Zerbitzua Legazpiko 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta Gazte-txokoan, kalean eta sare sozialetan eskaintzen da.