Santikutz jaietako egitarauen azalak eta zapiaren irudia lehiaketara atera ditu Legazpiko Udalak
Maiatzeko zein agorreko jaietako programen irudiak aukeratuko dira batera. Zapiak Legazpiko banderaren koloreak eraman behar ditu. Legazpiarrei zuzendutako lehiaketak dira biak.
Berrikuntzak iragarri dituzte antolatzaileek Legazpiko aurtengo jai nagusietarako, eta horien harira, udalak bi lehiaketa jarri ditu martxan dagoneko, maiatzeko zein iraileko Santikutzetako jai egitarauaren azala, eta bi jaietan erabiltzeko zapiaren diseinua aukeratzeko.
Jaietako lantaldeak aste batzuk daramatza lanean Santikutzak prestatzen, eta bertan hartutako erabakia da aurtengo bi jaietako egitarauen azala lehiaketa bidez aukeratzea, eta jaietako ikur bihurtu nahi den zapia kaleratzea eta horren diseinua ere lehiaketa bidez zehaztea.
Egitarauen azalak
Maiatzeko zein Agorreko Santikutzetako egitarauetarako bi azalak aukeratuko dira lehiaketa honetan. Bi azaletako gaia jaiak dira, eta «Santikutz Jaiak 2024. Legazpi» testua bakarrik jaso behar dute, lehenenengoan «Maiatzeko» erantsita, eta bigarrenean «Agorreko». Edozein koloretako eta eratako lanak onartuko dira, hau da, argazkia, collagea edo pintura.
Partaideek Legazpin erroldatuta egon edo herrian ikasi eta lan egin beharko dute, eta 2008an 2008an edo lehenago jaioak izan beharko dute. Pertsonako bi lan aurkeztu ahal izango dira.
Euskarri fisikoan aurkezten badira, Kultur Etxeko sarreran entregatu beharko dira, eta digitalean, azala@legazpi.eus helbidera bidali beharko dira.
Zapiaren irudia
Zapiak Legazpiko Santikutz jaien ezaugarriak islatu beharko ditu, eta idatzita eramango duen testua «Santikutz Jaiak. Legazpi» izango da. Zapiaren irudiak, gehienez, triangelu formako 70x70x100 gainazala hartuko du. Herriko banderaren koloreak erabili beharko dira diseinuan, eta zapia beige kolorekoa izango denez, aurkeztutako irudiak granate kolorekoa izango beharko du. Lanak originalak eta argitaratu gabeak izango dira.
Jaietako egitarauen lehiaketan bezala, zapiaren lehiaketan parte hartzeko ere Legazpin erroldatuta, edo ikasten edo lanen egon beharko dira partaideak, eta 16 urtetik gorakoak izan beharko dute.
Zapiarentzako irudi edo diseinu proposamen hauek ere Kultur Etxean entregatu beharko dira formatu fisikoan badira, eta digitalean, berriz, zapia@legazpi.eus helbidera bidali.
Bi lehiaketak martxan daude, eta lanak otsailaren 2ko 13:00ak aurretik aurkeztu behar dira. Bietako erabakia Jaietako lan taldeak hartuko du.