Osbelek udalak baimena eman orduko ekingo dio San Bartolome ermitaren teilatua konpontzeari
Iazko urtarrilean 'Babestu teila batekin' diru bilketa kanpaina jarri zuen martxan elkarteak. 13.000 euro lortu dituzte, lanak egiteko behar zutena. Herritarrei eskerrak eman dizkiete.
Osbele Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkarteak jakinarazi du Ordiziako Udalak baimena eman orduko ekingo dietela San Bartolome ermitaren teilatua konpontzeko lanei. Iazko urtarrilean jarri zuen martxan elkarteak Babestu teila batekin diru bilketa kanpaina, teilatua konpontzeko dirua biltzeko helburuarekin.
Ekimenean parte hartu zuen herritar bakoitzak 5 eurorekin teila bat babestu zuen, eta hala, 11.400 euro lortu zituzten konponketarako. Lanetarako aurrekontua 13.000 eurokoa da. Elkarteak azaldu duenez, abenduan Ordiziako Parrokiako arduradunekin bildu ziren, eta aurrekontua osatzeko dirua jartzeko prest agertu ziren elizako arduradunak.
Obra egiteko baimena irailean eskatu zuten udaletxean. Baimen horren zain daude, eta hori lortu bezain pronto hasiko dituzte lanak. “Espero dugu laster izatea udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena urte honen hasieran ermitaren teilatua berritzeko”, adierazi du Osbelek.
Herritarrei eskerrak eman dizkiete bilketan parte hartzeagatik: “Izan duzuen eskuzabaltasunagatik, herritarroi esker San Bartolomeko ermita teila-berritu eta aurrerantzean zutik mantendu ahal izango dugulako. Bistan geratu da berriro ere San Bartolome ez dela herritarrontzat edozein gune, mendeetako gure historia zaharraren lekuko ere badelako. Zinez eskerrak eman nahi dizkiogu Andoaingo San Juan Bautista zaharren egoitzako arduradunei eta zehazki bolondres lanean ari den Izaskuni, elizako banku berriak dohaintzan eman eta bidea errazteagatik. Gauza bera garraiatzeko bitartekoak jarri dituen Patxi Usabiaga herritarrari ere”.
Indusketa lanak
San Bartolome ermitaren inguruan kokatzen dute Ordiziaren sorrera Gure Iragana taldeko adituek. Azken sei urteetan indusketa lanak egin dituzte bertan, eta garai ezberdinetako aztarnak jaso. Taldeak emandako azken datuen arabera, ermitaren oinarria XV. mendekoa da. 1.300. urtea baino pixka bat lehenagoko eliza baten eta XII. eta XIII. mendeen arteko beste baten aztarnak ere topatu dituzte aurreko kanpainetan, baita X. mendeko pintura arrastoak ere. Azaroaz geroztik, arkeologo eta historialari talde bat indusketa lanak egiten ari da ermita barruan, zorua altxatuta, udalaren eta aldundiaren laguntzarekin. Osbelek azaldu duenez, “ordiziarren aztarnen berri” emango dute laster.