Bi bizikidetza agente kalean jokaera ez zibikoak zaintzeko
Bizikidetza hobetzeko eta herritarrentzako udalerri atseginago bat sustatzeko helburuarekin kontratu ditu Beasaingo Udalak. Aste honetan hasi dira lanean.
Bizikidetza hobetzeko eta herritarrentzako udalerri atseginago bat sustatzeko helburuarekin, bizikidetza agenteak izango ditu Beasainenek. Kalean ematen diren jokaera okerrak zaintzeko ardura izango dute, informazio, sentsibilizazio eta ohartarazpen lanak eginez. Bi lanpostu berri dira, eta aste honetan hasi dira lanean, sei hilabetez, goiz eta arratsaldez. Enplegu sustapenerako programa baliatuta egin dira bi kontratazioak.
Bere eginkizuna, herritarrei indarrean dauden hiri-arauen arabera dituzten eskubideak eta betebeharrak erabiltzen laguntzea izango da. Funtzio hori bide garbiketarekin eta hondakinen kudeaketarekin, txakurren jabetzarekin, ibilgailuen mugikortasunarekin edo horma margoketekin lotutako hainbat eremutan garatzen da. Pertsonen zalantza, kexa eta iradokizunei ere erantzuteko daude, eta gizalegezko kanpainen antolaketan parte hartzen dute. Aldi berean, atzemandako errespetu gutxiko ekintzak jakinarazi eta deskribatuko dituzte.
Informazioa eta laguntza
Espazio eta zerbitzu publikoen erabiltzaileen artean (garraio publikoak, parkeak eta lorategiak, merkataritza kaleak, etab.) gizalegea zabaltzeko eta sustatzeko eginkizuna ere izango dute. Ahoz ohartaraziko dituzte gizalegearen aurkako jokabideak baina beharrezko ikusten badute, segurtasun zerbitzu publiko edo pribatuekin jarriko dira harremanetan.
Interes praktikoko informazioa ere zabalduko dute udalerrian dauden baliabideei, ekipamenduei, azpiegiturei eta erakundeei buruz.
Ekimen honekin udalak lortu nahi duena da, «Beasain hiri atseginagoa eta segurtasun eta elkarrizketa sentsazio handiagokoa bihurtzea, bai herritarrentzat, bai bisitatzen gaituztenentzat».