Eskolarteko Txindoki Krosa jokatuko da igandean, Oiangu parkean
Benjamin, alebin eta infantil mailetako lasterketak egingo dituzte 2010 eta 2015 urteen artean jaiotakoek. 11:00etan izango da lehenengo krosa.
Urtarrilaren 14an, igandean, eskolarteko Txindoki Krosa jokatuko da Ordiziako Oiangu parkean, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Benjamin, alebin eta infantil mailetako eskola kiroleko haurrek parte hartuko dute. Klubek Kirola App bidez eman dezakete izena, eta ikastetxeek Gipuzkoako Atletismo Federazioak zabaldutako excel-aren bidez edo gaf@kirolak.net helbidera idatzita. Osteguneko (urtarrilak 11) 12:00ak baino lehen egin behar da izen-ematea, eta onartuen zerrenda egun bereko 15:00etan argitaratuko dute.
11:00etan hasiko da. Ordu horretan infantil mutilek 2.675 metroko ibilbidea egingo dute Oiangutik bueltaka. Ondoren infantil nesken txanda izango da, 11:25ean (2.675 metro). Alebin mutilen krosa 11:50ean hasiko da (1.850 metro) eta alebin neskena 12:10ean (1.850 metro). Benjamin mutilek eta neskek 450 metroko lasterketa egingo dute, 12:30ean eta 12:40ean, hurrenez hurren.