Izagirre anaiak podiumean eta ziklo kros klasikoena bueltan Ormaiztegin
Gorka Izagirrek jaioterrian garaipenarekin estreinatu du Euskadiko titulua. Maier Olanok irabazita ezustekoa eman du nesketan. Iñaki Maiorak herritarren aitortza jaso du.
Ziklo-kros klasikoena itzuli da asteburu honetan Ormaiztegira. Lokatzak eta euriak lanak zaildu dizkie txirrindulariei eta ikuskizuna erabatekoa izan da. Izagirre anaiek podiumeko lehen postuetan sailkatzea lortu dute eta horrek borobildu du 52. edizio honetako lasterketa. Iñaki Maiora txirrindulari profesional ohiak herrikideen aitortza jaso du sari banaketa ekitaldian.
Cofidis taldearen protagonismoa erabatekoa izan da Ormaiztegiko Ziklo-Kros proban. Gorka Izagirrek irabazi du lasterketa eta Jonathan Lastrak eta Ion anaiak osatu dute hirukoa. Emakumezkoetan Maier Olanok eman du ezustekoa, faboritoa zen Olatz Odriozola Euskadiko txapeldun izendatu berriari aurrea hartuta. Goierritarren artean, Aner Irizarrek egindako lasterketa da azpimarratzekoena. Kadeteen mailan irabazle izan da zumarragarra.
Lokatzak baldintzatutakoa
Lokatza eta euria izan ziren igandean, txirrindulariekin batera protagonista nagusiak. Zirkuituaren egoerak erabat baldintzatu zuen lasterketa eta txirrindulariei lanak eman zizkien. Guztiarekin, elite eta 23 urtez azpikoen lasterketan, Gorka Izagirre izan zen tropelaren buru ia amaierara artea, Lastrak gertutik jarraitu eta tarteren batean aurrea hartu bazion ere. Azkenean, garaipenarekin estreinatu zituen Cofidis taldearen maillota eta Euskadiko txapeldun titulu eskuratu berria. 59 minutu eta 57 segundo behar izan zituen zirkuituari eman beharreko sei itzuliak osatzeko. 11 segundoko aldea atera zion Lastrari eta 41 segundokoa Ion anaiari.
Izagirre «pozik» zegoen etxean irabazita: «Lasterketa berezia da, umetatik ikusi duguna eta oraindik ere 50 urte pasata mantentzen dena», esan zuen. Lasterketa «gogorra eta ikusteko polita» izan dela esan zuen, eta Lastrarekin, «azkeneko itzulira arteko borroka gogorra» izan dela aitortu du.
Maila bereko nesken lasterketan Maier Olano gazteak irabazi du, Odriozola faboritoari aurrea hartuta. Odriozola aurretik joan zen ia lasterketa guztian zehar, baina azken itzuli erdian aurrea hartzea lortu zion Olanok. Aner Irizar izan da goierritarren artean saria eraman duen beste txirrindularietako bat. Hasieran, atzetik zetozenei aldea ateratzea «kosta» egin zaiola esan du, baina behin hori lortuta «lasaiago» jo duela aurrera.