Lehiakortasuna, produktu turistikoak eta promozioa, Goiturren planaren ardatzak
Hiru ardatz nagusi horiek dituen ekintza plana jarri du martxan turismo agentziak 2024rako.
Goitur Goierriko turismo agentziak lehiakortasuna, produktu turistikoak eta promozioa eta komertzializazioa ardatz dituen ekintza plana jarri du martxan 2024rako. Hiru ardatz horietan garatuko ditu agentziak Goierri ezagutzera emateko ekintzak.
Lehiakortasunari dagokionez, bazkide publiko nahiz pribatu guztiei aholkuak ematen jarraituko dute, turismo iraunkorreko 2030 agendarekin lanean jarraituko dute, Goierriko ‘call center’-a 365 egunetan artatuko dute, eta turismoari buruzko azterlanak egingo dituzte behatoki turistikoaren laguntzarekin. Horretarako, Basquetour-eko arduradunekin eta aldundiko teknikariekin egongo dira harremanetan. Lehiakortasunaren arloko jarduera garrantzitsuena Helmuga Turistiko Adimenduna proiektuaren ekintza plana izango da. Horren harira, HTA plan pilotuaren lehen auditoria pasa beharko du Goiturrek Segittur estatuko sozietatearekin. Turismoa eta lehen sektorea, landa turismo eta kirol turismoa estatu mailako lan taldeetan parte hartzen jarraituko dute.
Produktu turistikoei dagokienez, gastronomia, natura, kultura, familia turismoa, industria turismoa, MICE turismoa (negozio turismoa) eta touring-arekin lotuta produktuak egokituko dituzte. MICE atalean, Goierri Valley elkarteko enpresetara eskualdeko produktu turistikoen gida bidaliko dute; gastronomian, landa eremuko eragileei aholkularitza eskainiko zaie; naturan, zikloturismoko produktu berriak sortuko dituzte, GR-283 Idiazabal Gaztaren Ibilbidea FITUR-en aurkeztuko dute Paco Nadal kazetariaren eskutik, familientzako jolas berri bat aurkeztuko dute eta landa turismoarekin lotutako eskaintza berria sortuko dute. Ekintza horiez gain, Euskadiko Senderismoko Lehen Foroa antolatuko dute Goierrin udaberrian, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Promozioa izango da ekintza planaren atalik garrantzitsuena eta baliabide ekonomiko gehien beharko duena, Goiturrek azaldu duenez. Ekintza ezberdinak egingo dituzte: eguneratutako promozio material berria argitaratuko dute; Donostia Turismoarekin lankidetzan jarraituko dute Donostian gaua igarotzen dutenak Goierrira erakartzeko; eskualdearen inguruko erreportajeak zabalduko dituzte komunikabideetan eta naturan espezializatutako aldizkarietan; Aste Santuan, Bilbon izango den Basquefest azokan emango dute Goierriren berri, baita estatuko beste azoka batzuetan ere; kazetari eta tour-operatzaileen bidaiak antolatuko dituzte Goierrin; webgunearen posizionamendua hobetuko dute publiko berrietara iristeko. Horretaz gain, 18 udalerrietako bideoak grabatuko dituzte promozioetan erabiltzeko, eta nazioarteko bidaiari blogeroen TBEX Europe 2024 Donostiako topaketan parte hartuko dute Goierrira bisitak antolatzeko.