Ormaiztegiko 52. Ziklo-krosaren bideoa
Gorka Izagirrek eta Maier Olanok irabazi dute Ormaiztegiko zirkuitu lokaztuan. Iñaki Maiorari aitortza egin diote. Albiste barruan Gotzon Aranburuk egindako bideoa.
Gorka Izagirre ormaiztegiarrak irabazi du Ormaiztegiko 52. Ziklo-krosa. Abenduaren 30ean Movistarren maillotarekin Abadiñon (Bizkaia) Euskadiko txapelketa irabazi eta gero, Cofidis talde berriaren maillota herriko proban gailenduz estreinatu du. Bigarren eta hirugarren, talde bereko beste bi txirrindulari: Jonathan Lastra eta Ion Izagirre anaia.
Elite eta 23 urtez azpiko mutilek sei itzuli eman behar izan zizkioten Ormaiztegiko zirkuitu lokaztuari. Irabazleak 59 minutu eta 56 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Lastrari 11 segundoko aldea atera zion, eta 41 segundo anaiari.
Emakumezkoetan ezustekoa eman zuen Maier Olano juniorrak, Olatz Odriozola Euskadiko txapeldunari aurre hartu baitzion. Ainara Elbustok osatu zuen emakumezkoen podiuma.
Hiru itzuli osatu behar izan zituzten emakumezkoek. Olanok 38 minutu eta 42 segundoko denbora egin zuen, bigarren sailkatuari 47 segundo ateraz. Hirugarren sailkatuak bi minutu eta 15 segundo gehiago behar izan zituen lanak osatzeko.
Kadeteetan Aner Irizar zumarragarra nagusitu zen, beste behin.
Sari banaketa ekitaldian Iñaki Maiora ziklo-kroslari historikoari aitortza egin zioten antolatzaileek eta herritarrek.