Ormaiztegiko baserri batetik bi herritar ebakuatu dituzte luizi baten ondorioz
Larunbatetik iganderako gauean luizi handi bat gertatu da A-636 errepidearen hirugarren irteeran, Ormaiztegiko Aranguren auzoan.
Azken orduetan egindako euriaren ondorioz luizi bat gertatu da larunbatetik iganderako gauean A-636 errepideko hirugarren irteeran (GI-2632 errepidearekin lotunean), Ormaiztegiko Aranguren auzoan. Trafikoan eta errepidean eragin esanguratsurik sortu ez badu ere, lur mugimendua dela eta, prebentzio neurri gisa, gertuko baserri bateko biztanleak ebakuatu zituzten goizaldera Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek.
Bide Azpiegituretako foru departamentuak jakinarazi duenez, atzo goizean bertan Bidegiko teknikari bat bertan izan zen lehen azterlanak egiten eta gaur bertan jarraituko dute lur jausia gertatu den gunea aztertzen. Baserritik ebakuatutako bi herritarrak etxera itzultzeko moduan izango dira gaur.
Departamentuak, aldi berean, gaur bertan ekingo dio luizia gertatu den ezpondaren egonkortze lanei, ahalik eta lasterren obra hori gauzatu ahal izateko.