Pala eta pilota txapelketetan izena emateko epea zabalik urtarrilaren 14ra arte
Emakumezkoei zuzenduta dago pala txapelketa, lehenengoz egingo dena, Arrano Kulturaren ekimenez. Eskuz binakako txapelketan berritasunak izango dira parte hartzea handitzeko.
Emakumeen I. Pala Txapelketa Herrikoia antolatu du 2024rako Arrano Kulturak. Emakumezkoen artean kirola sustatzea da helburua. Zehazkiago, pilotalekuetan eta herriko kirol txapelketetan emakumeen presentzia eragitea da asmoa. Otsailean hasi eta Beasaingo festetan bukatuko da txapelketa.
Bikoteko kide batek, gutxienez, beasaindarra izan beharko du txapelketan parte hartzeko. Baina biak beasaindarrak izatea bultzatu nahi dute, ahalik eta txapelketa herrikoiena osatze aldera.
Izen-ematea zabalik dago urtarrilaren 14ra arte. Ekitaldiaren dagoen QR kodigoaren bidez eman daiteke izena. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira.
Eskuz Binakakoa
Bestalde, laster emango diote hasiera eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiari ere. Aurtengoa 13. ekitaldia izango da. Berritasunak izango dira, parte hartzea handitzeko eta txapelketa herrikoiagoa egiteko asmoz. Horretarako, lau bikoteko ligaxkak sortuko dira hasieran. Ligaxka hauetan, guztiek guztien aurka jokatuko dute, 75 gramoko pilota goxoekin, eta, ondoren, bi txapelketetan banatuko dira bikoteak; ligaxka bakoitzeko lehen bi bikoteek pilotari txapelketan parte hartuko dute (75, 85 eta 95 gramoko pilotak erabiliz) eta azken bi sailkatuek sasi-pelotari txapelketan (75 eta 85 gramoko pilotak erabiliz). Guztiontzako txapelketa izate aldera, pilota goxoak erabiliko dira.
Izen-ematea urtarrilaren 14ra arte izango da zabalik, Arranon eta kartelean dagoen QR kodigoaren bidez. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira eta bi partaideak beasaindarrak izan beharko dira.