Pozuelo Rugby Union-en aurka berrekingo dio Ampo Ordiziak ligari
Azken partida abenduaren 17ko asteburuan jokatu zuten Ohorezko Mailako taldeek. Sailkapenean azken postuan dago Ampo Ordizia. Igandeko partida etxetik kanpo izango da.
Ohorezko mailako errugbi ligako partidak hasiko dira asteburuan berriz ere, Gabonetako oporraldiaren ondoren. Ampo Ordiziak Pozuelo Rugby Union taldearen aurka berrekingo dio liga erregularrari. Igandean izango da partida, Madrilgo Pozuelo de Alarkon hirian, 12:30ean. Aurkari zuzenak dira Ampo Ordizia eta Pozuelo, biak mailari eusteko lehian baitaude.
Oporraldiak dakarren geldialdiari aurre egin beharko dio Ordiziako taldeak. Ligako azkeneko partida abenduaren 17ko asteburuan jokatu zuten denek. Ampo Ordiziak Les Abelles-en kontra jokatu zuen, eta galdu, 10-15, Altamiran.
Etxetik kanpoko partida izango da igandekoa, baina zaleen berotasunik gabe ere, puntuak lortzea beharrekoa dute, azken postuan daude-eta, sei punturekin. Jokatu dituzten zazpi partidetatik, sei galdu dituzte eta bakarra irabazi. Aurkari zuzenek baino partida bat gutxiago jokatu du Ampo Ordiziak.
Gizonen lehen taldean mugimenduak iragarri ditu Ordizia Rugby Elkarteak. Zehazki, baja baten eta bi fitxaketen berri eman du klubak Ampo Ordiziarentzat. Agur esan dio taldeari Brian Gonzalez argentinarrak (lehen lerroa). Bi fitxaketak, aldiz, Agustin Pacheco 28 urteko argentinarra (ezkerreko pilarea, hooker) eta Manuel Alfaro 24 urte argentinarra (erdilaria) izan dira.