Aranguren txiki baserriko bizilagunak ezingo dira, momentuz, etxera itzuli
Bidegiko teknikariek azterketa sakonagoak egingo dituzte ostiral honetan. Lur jauzia Aranguren txiki baserritik 10 bat metrora gertatu da. Lur jauziak ez zuen trafikoan eraginik izan.
Azken egunetan egindako euri jasen ondorioz, lur-jausia geratu zen igande goizaldean Ormaiztegiko Aranguren auzoan. Ondorioz, Aranguren txiki baserriko bi bizilagunak bizilekua utzi behar izan zuten, eta momentuz ez dute itzultzerik izango. Bidegiko teknikariak lehendabiziko azterlanak egin dituzte dagoeneko, baina Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak aurreratu duenez, ostiral honetan «azterketa sakonagoak» egingo dituzte, bai baserrian eta baita inguruko eremuan ere.
Luizia A-636 errepideko hirugarren irteeran gertatu zen, GI-2632 errepidearekin lotzen den puntuan. Lur-jausia gertatu eta segituan inguratu ziren Bidegiko teknikariak eta Ertzaintza igande goizaldean. Hartu zuten lehendabiziko neurria Aranguren txiki baserriko bizilagunak ebakuatzearena izan zen, «segurtasuna bermatzeko». Bi bizilagunak «senitartekoen etxeetan» hartu dituzte momentuz. Hasiera batean, laster etxera itzultzeko aukera izango zutela zabaldu zen arren, itxaronaldia luzatu egingo da, «agian, lanak bukatu arte». Alkateak esan duenez, astelehenean Ormaiztegiko Gizarte Zerbitzuek lehendabiziko bilera izan zuten kaltetuekin «egoera bideratu eta konponbideak aurkitzeko». Lur-jausia «handia» izan da, baserritik 10 bat metrora «hautsi da mendia».
Azterketa sakonagoen zain
Igandean, eremuaren egoera aztertzeko lehendabiziko ikuskaritzak egin ondoren, «ostiral honetan azterketa sakonagoak» egingo dituzte; etxebizitzari dagokiona batetik, eta ingurune geologikoari dagokiona bestetik. Azterketa geologikoa Picsa enpresak egingo du «lur horien portaera zein izango den aurreikusi eta konponbideak aurkitzeko». Ez da lan erraza izango, alkateak aurreratu bezala, eremu «konplikatua» baita: «Dena kareharria da, oso erraz puskatzen da eta erori egiten da».
Egin beharrezko lanak zeintzuk izango diren eta zenbat denbora eramango duten aurreikustea «ezinezkoa» da momentuz, baina ostiraleko ikuskaritzek gaia argituko duelakoan da Enrike.
Aurrekariak
Aurretik ere gertatu izan da luizirik eremu berean: «orain dela lauzpabost hilabete lur-jausi txikiago bat gertatu zen azpialdean, errepidearen kontra eta ordutik Bidegiko teknikariak eremuaren jarraipena egiten ari ziren». Eremua egonkortzeko ekintza plan bat ere zehazten hasita zeuden, baina igandeko gertaerak hartu beharreko neurriak birpentsatzera behartu ditu; «azkar da zer egin daiteken jakiteko, baita egingo den horrek gerora berriz lur erorketarik gertatzea eragotziko duen bermatzeko ere», amaitu du alkateak.