Pedro Gaztañaga ordiziarrak 'Punctum' erakusketa irekiko du ostiralean, Barrenan
Margolaren erakusketaren irekiera ekitaldia 19:00etan izango da. Otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai.
Pedro Gaztañaga ordiziarraren Punctum margolan erakusketa irekiko da ostiralean, Barrena Kultur Etxean. 19:00etan izango da irekiera ekitaldia. Erretratu bilduma bat aurkeztuko du margolari ordiziarrak, bere ezagun eta ingurukoez osatuta. Frantziako edo Estatu Batuetako bizitza modernoari buruz duten ikuspegia partekatzeko modu gisa, miresten duen jendearen erretratuak dira.
Punctum-a larritasuna, mina edo plazera eragin dezaketen emozioen eta oroitzapenen integrazioa da. Iraganeko gertaerak ekartzen ditu gogora, bakoitzaren mundu emozionala mugituz. Gaztañagaren Punctum bildumak hiru zati ditu: The real gentlemen’s club, She saved the world today eta Komorebi. Formatu handiko koadroak dira, teknika mistoarekin margotuak, pintura akrilikoekin eta olio-pinturarekin. 2021ean Zarauzko Torre Luzean jarri zuen erakusketa ikusgai, 2022an Andoaingo Basteron, eta iaz Zumarragako Zelai Ariztin. Ordiziako erakusketa ostiralean irekiko da, eta otsailaren 9ra arte egongo da bisitatzeko aukera.
Pedro Gaztañaga 1967an jaio zen, Ordizian. Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Egun, Donostiako Usandizaga BHIko batxilergoko artistikoan irakasle bezala egiten du lan. Giza irudian eta erretratuan espezializatua, enkargu ugari egiten ditu partikular eta erakunde ezberdinentzat.